Saharatik datorren hauts hodeia iritsi da Goierrira ere
Hego-ekialdeko haizeak gogor jo du bart iluntzetik, eta Sahara aldeko hauts-hodeiak ekarri ditu. 88,2 kilometro orduko bufadak neurtu dira. Kalteren bat edo beste ere eragin du.
Hego haizea, kotxeak eta kaleak hautsez estalita… Horrela argitu du egunak gaur Goierrin. Ez da polena edota pinuen hautsa, ordea. Saharatik datorren hauts hodeiaren eragina da. Hala azaldu du Euskalmet metereologia agentziak. Bazterrak zikintzeaz gain, ordea, ez omen du aparteko eraginik izango, lehendik dagoen hezetasunarekin nahastuko baita.
Euskal Herrian ez ezik, Europaren hego-mendebalde osoan nabarituko da hauts hodei horren eragina, besteak beste Espainian, Portugalen, Katalunian edo Frantzian ere hedatuko baita. Fenomenoak datozen bizpahiru egunetan jarraituko duela uste dute adituek.
Haizeak kalteak ere eragin ditu
Hego-ekialdeko haize zakarra atzo arratsaldean hasi zen nabaritzen, eta gau osoan zehar ufada gogorrak izan dira. Ordiziako metereologia estazioan, esaterako, 88,2 km/orduko bufadak neurtu dituzte, goizaldera. Haizeak, desertuko hautsa ekartzeaz gain, hainbat kalte ere eragin ditu. Ormaiztegin, esaterako, Gizarte Etxearen ondoko jolas parkeko etxetola bat bota du.