Plan Estrategikoa gauzatzen hasteko urtea izango da Legorretarentzat
2030 Plan Estrategikoaren ildo nagusiak kontutan hartzen ditu 2022 ekitaldirako aurrekontuak. Zaintza, energia eta antolamendua dira erronka nagusienak

2022 urtea erronkaz betea hasi dute Legorretan. «2030 ekintza planari erantzunak ematen hasteko urtea» izango dela adierazi du Zelai Amenabarro alkateak. Izan ere, 2022 ekitaldirako aurrekontua lerro horretan marraztu eta onartu zuten abenduan, EH Bilduren bozekin (EAJ-k abstentziora jo zuen). Iaz baino 80.000 euro gehiago izango dituzte ekitaldi honetarako, 1,8 milioi euro guztira.
Legorretako alkateak ulertarazi duenez, zaintzak garrantzia berezia izango du, eta horren bueltan bi gai nagusiri helduko diete. Batetik, «aukeratu gabeko bakardadeari eta isolamendu sozialari aurre egiteko» proiektua garatuko dute, aldundiaren babesarekin. Bakarkade egoeran dauden herritarren diagnostikoa egingo dute lehenik, programa publiko-komunitario bat diseinatzeko jarraian.
Bestetik, herritarren zaintza beharrak asetze aldera, epe laburrera, mendekotasun maila baxua dutenentzat eguneko arreta zerbitzua eskaintzea da udalaren asmoa. Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru-laguntza izango dute. Zerbitzu berri hau, udaletxearen alboan dagoen eraikin berrituan kokatuko dute. Erabiltzailearen beharretara egokitzen den malgutasuna izango du. Honetan ere, herriko eragileekin elkarlana sustatu nahi dute.
Herriko gazteak ere oso kontutan izango dituzte ekitaldi berrian. OinHerri elkartearekin sinatu berri duten hitzarmenak lehena eta geroa suposatuko du. Haur eta nerabeen heziketaren ardura herri guztiak hartzea da helburua.
Antolamendua
Mugikortasun plana egitea da 2022eko beste erronketako bat Edara ingeniaritzarekin egingo dutena. Urrira bitarteko prozesu bat egingo dute, non trafiko antolamendua, oinezkoen ibilbideak, bizikleta bideak,… aztertuko diren, besteak beste. Herritarren parte hartzea kontutan hartuta eta genero ikuspegitik egingo dute.
Energia burujabetza
Plaka fotovoltaikoak jartzeko ikerketa bat egin du udalak, eta momentuz eraikin publikoak hornituko dituzte horiekin. 47.000 euroko aurrekontua izango du.
Abian da Hirigintza Antolamenduko Plan Orokorra egiteko prozesua
2022 ekitaldirako aurrekontuan txertatu duten beste erronka baten inguruan ere mintzatu da Legorretako alkate Zelai Amenabarro. 2022ko inbertsioetako zenbatekorik handiena Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO)egitekobideratukodute: 50.000 euro.
Hain zuzen ere, datozen hamar-hamabost urteetarako hirigintza araudia onartzea dagokio Legorretako Udalari, eta hori garatzeko, herritarren iritziak jasotzeko prozesua hasi du, Hiritik At kooperatibaren laguntzarekin.
Alkateak argitu duenez, 2030 Plan Estrategikoa lantzeko prozesuan identifikatu dituzten lehentasunak kontutan hartuko ditu HAPOk. Hala nola, bizikidetza eta herri kohesioa, jasangarritasuna, ingurumena, euskara, parekidetasuna eta inklusioa, irisgarritasuna eta zaintza, eta ekintzailetza uztartuko ditu.
Saio irekia
Herritarrekin egingo den prozesuaren saio irekia, biharko, hilak 17, iragarri bazuten ere, azkenean martxoaren 23ra atzeratu dute. Egun horretan, aurkeztuko da prozesua; hau da, lehen diagnostikoa aurkeztuko dute, eta helburuak zehaztu. Teknikariek planteamendu batzuk landuko dituzte ondoren, eta herritarrei aurkeztuko zaizkie, apirilaren 7an. Orduan ere izango da aukera alternatiba horien gainean iritzia emateko.
Aipatu baita ere, prozesu horren barruan, herriko gaztetxoekin ere egin dutela saio bat, zer hutsune ikusten duten identifikatzeko.
Izen ematea
Hurrengo bi saioak 18:30etik 20:00etara egingo dira, Herri Antzokian. Parte hartzeko izena ematea komeni da, martxoaren 22a baino lehen. Horretarako, sartu Legorretako Udalaren webgunean; martxoaren 23ko saio iragartzen den albistean sartuta eman daiteke izena. Zaintza eta itzulpen zerbitzuak egongo dira, eta behar duenak izena ematean adierazi beharko du.