Goierriko udalerri euskaldunenetan kaleko erabilera jaitsi egin da 2017tik
Uemak elkargoko kide diren herrietako kale neurketen emaitzak kaleratu ditu, eta hiru puntu apaldu da euskara. Zerainen jaso dute datu onena: elkarrizketen %93,7 euskaraz
Hizkuntzen kaleko erabilera bigarren aldiz neurtu du Uemak. Aurreko kale behaketa, 2017an egin zuen. Denera 93 udalerritan erreparatu diete, kanpotik, jendearen arteko elkarrizketei: Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko (Uema) kide diren 87 herritan, eta Tolosaldeko beste seitan. Denera, 71.000 solasaldi eta 227.900 lagun behatu dituzte. 2017an 76 herritan egin ziren neurketak.
Goierriri dagokionez, 11 herritan egindako kale neurketen datuak atera zituen Uemak, herenegun. Landa-lana eta datu bilketak 2021eko maiatzean egin zituzten, honako herrietan: Arama, Ataun, Ezkio-Itsaso, Gabiria, Gaintza, Idiazabal, Itsasondo, Legorreta, Segura, Zaldibia eta Zerain. Altzagan, nahiz Uemako kide den, ezin izan dute kale neurketarik egin.
Datuek, orokorrean, udalerri euskaldunenetan euskararen kaleko erabilerak hiru puntu behera egin duela erakutsi dute. Udalerriak tipologikoki hiru sailetan banatu dituzte, euskaldunen ehunekoaren arabera: euskaldunak %60-80 diren herriak, %80-90 direnak, eta %90etik gora direnak. «Joera nabarmena da: euskaldunen ehuneko handiagoarekin, euskararen erabilera handiagoa da kalean».
Haurrek eta emakumeek
Oro har, 2017ko neurketen datuen oso antzekoak utzi dituzte 2021ekoek. «Argazki orokorra apenas aldatu da lau urtean. Nolanahi ere, nahiz eta erabilera orokorra ez aldatu, horren azpian izan dira mugimenduak», ohartarazi du Uemak.
Herriaren tipologiaren arabera, joera desberdinak antzeman daitezke: euskaldunak %60-80 bitartean diren herrietan euskararen erabilera puntu bat igo da kalean (%54tik 55era). Baina %80tik gorako bi multzoetan hiru puntu jaitsi da: 80-90 sailekoetan %82tik %79ra, eta +%90ekoetan %86tik 83ra.
«Udalerri tipologiaren araberako erabilera datuek bistan utzi dute eremu soziolinguistikoak zenbateko garrantzia duen euskararen erabileran: zenbat eta euskaldun gehiago, erabiltzeko aukera gehiago eta erabiltzeko joera handiagoa», ebatzi du Uemak, ondorioen txostenean.
Azken lau urteetako bilakaeran, ordea, «txanponaren beste aldea» ere nabari da: arnasguneetan jaitsi egin da kaleko erabilera, hiru puntu. «Berretsi egin da beste azterketa batzuek arnasguneen bilakaeraz diotena: udalerririk euskaldunenetan joera negatiboa ageri dute adierazle soziolinguistikoek».
Adinaren arabera, umeek egiten dute gehien, eta adinean zenbat eta gorago joan, euskararen erabilera jaitsi egiten da. Udalerri euskaldunenen kasuan, adinekoetan zerbait handitu egin da erabilera.
Sexuaren arabera, berriz, emakumeek gehixeago (%61,7) egiten dute gizonek baino (%60,3). Adin talde guztietan da hala. Alde handienak gazteetan (6,6 puntu gehiago emakumeek) eta umeetan (4,1 gehiago) daude.
Goierrin, Zerain goren
Eskualdeko 11 herrien artean, Zerainek, Ataunek eta Gaintzak eman dute kale erabilerarik onena, euskarari dagokionez: %93. Segura ere 90etik gora dago.
Datu baxuena Legorretan jaso dute; erdarak %39 dira kalean.