San Blas pilota txapelketako finalak jokatuko dira igandean Igarondon
Igandean San Blas jaietako pilota txapelketako finalak jokatuko dira Igarondo pilotalekuan. San Blas jaietan izan ohi dira finalak, baina aurten bertan behera geratu zirenez festak, asteburuan erabakiko da txapelketako irabazleak nortzuk diren. 17:00etan hasiko da jaialdia eta zazpi partida jokatuko dira.
Bigarren urteko aurrebenjaminen mailan, Aldanondo-Mendikoa bikoteak Galparsoro-Galparsoro bikotearen aurka jokatuko du. Lehen urteko benjaminetan, Barandiaran-Collado Elio-Maiztegiren kontra izango da finala, eta bigarren urteko benjaminetan Alberdi-Aldasoro Oiarbide-Ruiz bikotearen kontra. Nesken finala Arroyo-Telleria eta Cruz-Etxezarreta bikoteek jokatuko dute.
Arriaranek eta Serranok Mendizabalen eta Muruaren kontra jokatuko dute lehen urteko alebinen mailan, eta bigarren urteko alebinetan, berriz, Ariztimuñok eta Mujikak Carrilloren eta Mujikaren aurka. Azkenik, infantil-kadete mailako finala Arzelus-Mintegik eta Imaz-Lasak jokatuko dute.
Ezkion bi partida, gaur
Ezkioko pilota goxua txapelketa aurrera doa. Gaur ligaxkako bi partida jokatuko dira: Mujika-Esnaola bikoteak Urteaga-Aiestaran bikotearen aurka jokatuko du, eta Unanue-Varela bikoteak Luzuriaga eta Muruaren aurka.













