34.000 jarraitzaile dituen sukaldari urretxuarra
Iñaki Tejedor urretxuarrari sukaldaritza asko gustatzen zaio. Iñaki Gastro Instagram-eko profilean bideoak zintzilikatzeari ekin zion eta dagoeneko mundu osoko 34.000 jarraitzaile baino gehiago ditu.
Influencer-ak gora eta influencer-ak behera, Urretxun ere badute bere influencer-a: Iñaki Tejedor du izena eta Iñaki Gastro izen artistikoa. Umetatik, jatea asko gustatu zaio. Konfinamenduan Instagram-en bere lana erakusten hasi zen eta denbora gutxian 34.000 jarraitzaile baino gehiago lortu ditu.
Tejedorrek 22 urte ditu eta irakasle-ikasketak egiten ari da, baina sukaldaritza ere asko gustatzen zaio. «Jatea beti asko gustatu zait eta, hala, sukaldaritza mundua asko interesatu zait beti. Oso jatun ona naiz, txikitatik. Umetan ere denetik jaten nuen. Asko gustatzen zitzaidan gurasoen ondoan egotea janaria prestatzen zutenean».
Bai aita eta bai ama sukaldari onak direla dio. «Denetik prestatzen dute, gainera. Ez dira sukaldaritza mota bakar batean oinarritzen. Txikitatik denetik dastatu dut. Nire ustez, horri esker, piztu zitzaidan sukaldaritzarekiko interesa eta horri esker dut ohikoa dena baino ezagutza handiagoa».
Berari errespetu ematen zion, ordea, kozinatzen hasteak. Pandemia heldu zen arte. «Jatetxeetara joatea asko gustatzen zaidanez, nire profila jendeari jatetxeak gomendatzeko asmoarekin sortu nuen. Jatetxearen argazkiarekin batera, gehien gustatzen zaizkidan plateren argazkiak jartzen nituen. Nire jatetxe kuttuna Donostiako Narru da. Nire plater kuttuna, berriz, Etxeberriko ravioliak dira. 10 urterekin probatu nituen eta jaten ditudan bakoitzean haurtzaroa gogoratzen dut».
Konfinamenduan, jatetxeetara joaterik ez zuenez, kozinatzen hasi zen. «Ondo egiten nuenez, bideoak grabatu nituen eta Instagram-era igo nituen».
Bere bideoek sekulako arrakasta izan dute. «Oso errazak diren platerak prestatzen ditut. Gainera, jarraitzaileei beraien gustuei buruz galdetzen diet, gustukoa dutena kozinatzeko».
Madrildar asko
Dagoeneko 34.000 jarraitzaile baino gehiago ditu. «Denbora gutxian 10.000 jarraitzailetik 30.000ra pasa nintzen. Bideo batek arrakasta izan zuen eta jarraitzaile kopurua asko igo zen. Hasieran, gogorra izan zen. Egun horietan mezu asko jaso nituen eta neketsua egin zitzaidan, baina dagoeneko ohitu egin naiz. Sortu dudan komunitatean oso giro ona dugu. Jarraitzaileak jatorrak eta eskuzabalak dira. Madrilen eta Euskal Herrian ditut jarraitzaile gehien, Madrilen apur bat gehiago. Baina azken hilabetean Latinoamerikako jarraitzaile asko lortu ditut. Nik egindako plateren argazkiak bidaltzen dizkidate, zer moduz egin duten galdetzen didate… Grazia egiten dit, ez baitut sukaldaritza ikasketarik. Internet, sukaldaritza liburuak… dira nire ezagutza iturriak».
Patata tortila da bere espezialitatea. «Zapore ezberdinetako tortillak egiten ditut: txorizoarekin, txanpiñoiekin… Bestalde, Nutellarekin eta Dinosaurus galletekin egindako gazta tarta jendeari asko gustatu zitzaion».
Etorkizunari begira, ez daki hezkuntza munduan edo sukaldaritza munduan lan egingo duen. «Ikasten ari naizena asko gustatzen zait, baina sukaldaritza ere bai. Oraindik ez dakit etorkizunean zer egingo dudan. Sukaldaritza munduan lan egiteko, gehiago ikasi beharra dut. Sare sozialek lan egiteko aukera ematen dute. Aukera hori baliatzen saiatu behar naiz. Dagoeneko janari eta edari enpresa batzuk nire bideoetan agertzea eskaini didate».