Hatzekin ukituz irudikatu dute
Zumalakarregi Museoaren eskaerari erantzunez, Ormaiztegiko tren zubiaren maketa egin dute Goierri Eskolako fabrikazio aditiboko ikasleek. Begiris elkarteko kideen esanetan, «inklusioa» bermatzen du proiektuak.
Zentzumen batek kale egiten duenean, beste batzuk garatzen dira. Begiekin ikusi ezin duenaren kasuan, beste erreminta batzuk baliatzeko abilezia garatzen du, adibidez, eskuak, hatzak, eta azala bera ere, sentikorrago bihurtzen dira. Ukituz irakurtzen dute. Ukituz irudikatzen dute objektu bat.
Teknologia berriak ere oso lagungarriak izan daitezke pertsona hauentzat; fabrikazio aditiboa eta 3D inpresioak aukerak zabaltzen dizkie ikusmen urritasuna dutenei edo pertsona itsuei. Horren jakitun, Zumalakarregi museoak erronka polita jarri zien, Goierri Eskolako fabrikazio aditiboko ikasleei; Ormaiztegiko tren zubia eskalan egitea. Duela, aste batzuk jakin genuen proiektuaren berri, eta egunkari honetan ere jaso zen. Orain, proiektua amaitu dute.
Katalin Beitia irakasleak azaldu duenez, «bezero baten eskaerari erantzunez, lan prozesu oso bat nolakoa den ikasteko baliagarria izan da ikasleentzat, baina gainera, proiektuak badu beste alderdi oso garrantsitzu bat ere, eta hori da, inklusioa sustatzea, hain zuzen ere, Goierri Eskolaren balioetako bat dena». Hala, Begiris elkartekoekin hartu-emanean egon dira, «maketa haien sentsibilitaterako ahalik eta egokien eraikitzeko». Begiris, Elkarteak, Gipuzkoako itsu edo ikusmen urritasuna duten pertsonen inklusioa sustatzea du helburu eta ikasleek tren zubia egin ahal izateko eta emaitza bikain bat lortzeko informazio oso baliagarria luzatu diete.
Inklusioan «mugarri» bat
Zumalakarregi museoko koordinatzailea da Lurdes Azpiazu eta emaitzarekin «oso pozik» agertu da. Maketa museoan ipiniko dutela esan du: «Protagonismo berezi bat emango diogu maketa honi. Orain arte, inklusioaren bidean lanean jardun dugu, baina iruditzen zaigu, honako hau, mugarri oso garrantzitsu bat dela, izan ere, orain arte, 3D teknologia industriara begira erabili da batik bat, eta ez hainbeste kultur arloetara begira».
Azpiazuk gehitu du, «maketa azalpenekin lagunduko» dutela; «bai itsuentzako, bai gor-mutuentzako, ahalik eta irisgarriena egiten ahaleginduko gara».
Zubia ‘ikusi’ dute
Momentu zirraragarriena izan da, Joxean Txintxurretak eta Ramoni Jauregik, Begiris elkarteko kideek, tren zubiaren maketa alderik alde eta goitik behera, detaile bakar bat utzi gabe, ukitu dutenean. Guztiok haiek zer sentitu, zer irudikatu duten entzun zain geunden. «Lan ederra egin dute», esanez lasaitu ditu Txintxurretak aurkezpena egin den aretoan zeuden guztiak. Elkarlan proiektu honetan parte hartzea «oso interesgarria» izan dela nabarmendu du, izan ere, «elkartearen helburua da ikusmenik ez duten pertsonen eskubideen alde lan egiten dugu, eta proiektu honek horri erantzuten diola uste dugu, gaur egun hain modan dagoen inklusioaren etiketa soil bat izateaz harago». Une hau baliatu du salatzeko gaur egun merkatuan, irisgarria delakoan produktu asko saltzen direla; «marketin estrategia bezala baliatzen dute inklusioa, eta iruzurra egiten dute, eta errespetua exijitzen dugu».
Hori esan ondoren, balioan jarri du Goierri Eskolako ikasleek egin duten eta Zumalakarregi museoan ipiniko duten maketa hau: «Kultur arloa aberasteko proiektua izango da. Izan ere, eraikuntza bat nolakoa den jabetzeko oso-oso baliagarri zaigu, izan katedral bat, izan zubi hau,… Horregatik oso eskertuta gaude eta espero dugu, beste museo batzuentzako ere eredugarri izatea».
Txintxurretaren elkartekide den Ramoni Jauregik emozio handiarekin adierazi du «izugarria» izan dela maketa ukitzea, «sorpresa handia» izan dela: «Hain ezezaguna da niretzat zerbait bere osotasunean ikustea… eta maketa eskuetan, harrituta geratu naiz horrelako luzeera izatea, eta hain altua izatea, nire buruan ez zegoen horrelako tamaina dimentsioak izango zituenik».
Ikasleak ere «pozik»
Proiektua garatu duten ikasleek kontatu dute fabrikazio prozesuak aztertzeko «oso baliagarria» izan dela, beraz, burutzen ari diren ikasketei begira «oso interesgarria» izan dela. Dena den, hori baino gehiago ere eman diela: ahalegin gehigarria egiteko ilusioa izan dute proiektu inklusiboa delako.