«Inoiz ez da beranduegi, ezta goizegi ere, geure alde zerbait berria egiteko»
Gizarte Lanean diplomatu zen eta mundu sanoago bat sortzeko norberarengandik hasi eta banan banako harremanak hobetzean sinesten du Maider Zabaleta Galarragak (Zegama, 1975).
Ama izateak ekarri zizkion galdera eta zailtasunek bultzatuta 2011n formakuntza bat hasi zuen, Laura Gutmanek garatutako Biografía Humana deiturikoa. Pertsonak bere osotasunean ulertzea garrantzitsua dela sentitzen du eta horregatik kanpora azaltzen dugun izaeraren atzean dagoena begiratzea interesatzen zaio. Orain, asmo horrekin, bakarkako kontsultak eskaintzen ditu, etengabeko prestakuntzan eta bere esperientzian oinarrituta.
Zer da egiten duzuna?
Laguntza eskatzen duen pertsonarekin batera bere bizitzan zehar ibilbide bat egiten dugu gaur egunean igarotzen ari den egoera horretara iritsi arte. Galdetzailea ordura arte ulertzeko zailak ziren gai batzuk ulertzera iritsi ohi da; eta esan beharra dago hau beti suertatzen dela onuragarria, batetik, bakea sentitzen duelako eta bestetik aldaketak egin ahal izateko lagungarria izaten delako.
Zer da ibilbide horretan bilatzen dena?
Kontsultara datorren pertsonak erantzunak aurkitzea. Guztiok daukagu kanpotik begiratuta ikusten den historia bat, baina era berean guztiok gordetzen ditugu hain agerian geratzen ez diren bizipen mordo bat, barneko historia bat, askotan guk geuk ere oso ondo ezagutzen ez duguna baina eguneroko bizitzan eragiten diguna. Hori da lanketa honen muina, geureak diren baina oso ondo ezagutzen ez ditugun alderdiak eta bizipenak begiratuz, hobeto sentitzeko aldaketak egin ahal izatea.
Zeintzuk dira zurekin prozesu hau egitera animatzen direnen arrazoi nagusiak?
Batez ere, ingurukoekin erlazio zailtasunak izatea: Gurasoekin, bikotearekin, lankideekin, seme- alabekin, ikasleekin, senideekin, lagunekin… Baita ere bizitzako edozein arlotan eduki ditzakegun motibazio falta, abusuak, lana aldatu nahi izatea, tristura eta bakardade sentimenduak, haserreak, adikzioak…
Eta badira beste batzuk, kezka berezirik izan gabe beraien barruko historia hobeto ezagutu nahi dutelako etortzen direnak ere. Batzuetan, barruan bueltaka dabilzkigun sentsazio desatsegin asko normaltzat hartzen ditugu eta gainera pentsatu dezakegu aldatzea ezinezkoa dela. Sarritan ingurukoak ere antzeko egoeran ikusten ditugunean, «bizitza horrela da» esaten dugu eta aurrera egiten dugu korapiloak barruan pilatuz.
Hitzaldiak ere eskaintzen dituzu. Zeri buruz aritzen zara?
Hitzaldiak haur eta gurasoei lotutakoak izan ohi dira. Batetik, haurdun dauden gurasoei askotan ahoz aho kontatzen ez diren gaiak mahai gainean jartzea izaten da nire asmoa, haurra etorri aurretik, oso baliotsua izan daitekeen informazioa helaraztea. Bestalde, guraso bakoitzaren, beste senideen eta haurtxoaren beharrak, zailtasunak eta hobeto egoteko bideak zeintzuk diren aztertzen dugu.
Gurasoak ere animatzen al dira bakarka laguntza eskatzera?
Bai, gurasoen kasuan, kontsulta egiteko bi arrazoi nagusi ezberdinduko nituzke. Bata, seme-alabekin daukaten harremanean zalantzak izatea edota haurren jarrera «desegokiak», eta bestea, guraso bihurtzeak, norberarengan edota bikoteko harremanean sortu dituen aldaketa eta ezin ulertuak. Askotan, guraso bakoitza bere munduan, biak noraezean aurkitu daitezke, bakardade sentimendu handiarekin eta gaizki ulertu asko sortuz.
Guraso ez direnekin lan egiteko modua berdina al da?
Bai, nahiz eta hasiera batean kezkak ezberdinak izan daitezkeen, jatorri berbera daukate guraso direnen eta ez direnen galderek. Azken finean, dena dago gure barruko historiarekin lotuta, guk geuk ere ondo ezagutzen ez dugun horrekin. Eta nik bakarka hartzen ditut pertsonak; bakoitzak bere bizipenak begiratzea ezinbestekoa delako bere jokamoldeak eta sentimenduak ulertu ahal izateko. Ondoren ingurukoekin, bikotearekin edo beste edozeinekin harremanak beste modu batera emango dira, zalantzarik gabe.
Kontsulta eskatu nahi dutenek nora jo behar dute?
Telefonoz 619 960 455 zenbakira deituta, whatsApp edo telegram bitartez egin dezakete, eta maiderzg@gmail.com posta elektronikora idatzita ere bai. Animatu eta galdetu. Inoiz ez da beranduegi, ezta goizegi, ere geure alde zerbait berria egiten hasteko.