Tren zerbitzua etengo dute gauerdian, asteburu osorako
Brinkola eta Beasain arteko trenbidea itxita egongo da astelehen goizaldera arte. Autobusekin ordezkatuko du Renfek garraioa. Konponketak egingo dituzte
Tren zerbitzurik ez da izango asteburuan Goierriko zati handi batean, eta Renfek autobus bidezko ordezko garraioa antolatu du. Trenbidean hainbat konponketa lan egin behar ditu Adif-ek Gabiria parean, eta itxita egongo da Beasaindik Brinkolara arteko trenbidea, gaur gauerditik astelehen goizaldeko 04:30 arte. Nola larunbateko, hala igandeko Aldirietako trenei bi egunetan eragingo die, eta ibilbide luzeko Bartzelonarako trenik ez da ibiliko lau egunez, gaur eta astelehena barne.
Aldirietako trenen ordez, Brinkola, Legazpi, Zumarraga, Ormaiztegi eta Beasainen autobusak jarriko ditu Renfek. Ordutegi berezia atera dute, eta ohiko trenak baino lehentxeago aterako dira autobusak. Beasaindik gora 23 autobus bidaia jarri dituzte biharko eta etziko; horietatik 18 iritsiko dira Brinkolaraino (besteak Zumarragaraino soilik).
Brinkola-Donostia norantzan, 25 autobus bidaia izango dira larunbatean, eta 23 igandean. Sei izan ezik, Brinkolatik abiatuko dira; gainontzekoak, Zumarragatik.
Autobusetan ezin da bizikletarik eraman, ezta maskotarik ere.
Luiziaren ondorioak
Brinkola-Beasain trenbidea ixtearen arrazoia trenbidean egin beharreko konponketa lan batzuk dira. Gabiria parean, 570 kilometro puntuan, Eizmendi tunelaren ahoan abenduaren 9an etorri zen luiziak kaltetutako azpiegiturak berrituko dituzte.
Trenbidea osorik itxiko dute, eta tunelaren aho inguruko lurrak eta mazelak egonkortuko ditu Adif-ek, 3.063.810 euroko aurrekontuarekin, BEZa barne. Iragazkortasuna hobetzeko drenaia ere berrituko dute. Horrez gain, 430 metro luzean errailak, trabesak eta lurrak hartutako balastoa aldatuko dute.
Trenik ez dela ibiliko baliatuta, beste lan bat ere burutuko du Adif-ek, Gabiria eta Beasain arteko 577 kilometro puntuan trenbide azpiko pasabide bat konpontzeko.
Brinkola-Beasain zatiaz gain, Andoain-Donostia zatia ere itxita egongo da asteburuan, AHTrentzat 3. erraila jartzeko.