Emakumeen Master Cup txapelketako txapelak Bizkaira eta Gipuzkoara joan dira
Gabiriako Alkainburu pilotalekuan atzo jokatu ziren pilota goxoarekin bi final eta mistoarekin Promoziokoa. Harrobian ezpala badagoela erakutsi dute emakumezko pilotariek.
Emakumeen Master Cup-Laboral Kutxa txapelketaren 6. ekitaldiko lau finaletatik hiru Gabiriako Alkainburu frontoian jokatu zituzten, atzo arratsean. Pilota goxoaren modalitatean, bi kategorietako finalak izan ziren aurrena, gazte mailakoa eta helduen 1. Mailakoa. Azkenik, pilota mistoarekin, Promozioko finala jokatu zuten. Goierrin garatu da txapelketa horren zati handi bat, hainbat kanporaketa jokatuta, eta bukaera borobila eman zioten Gabiriako frontoian.
Lehenengo partidan, pilota goxoarekin gazteak aritu ziren. 18 tantora jokatu zituzten partida guztiak, binaka. Gipuzkoako federazioko Juan Mari Erostarbe aritu zen epaile lanetan. Lezamako (Bizkaia) pilota eskolako Uxue Perez eta Aiala Uriarte, gorriz, nagusitu ziren; 18 eta 9 irabazi zieten Olatz Intxausti antzuolarrari eta Irati Betegi aretxabaldarrari. Lehen partean urdinak hasi ziren indartsuago, 1-4 aurreratuta. Seina eta zortzina berdindu ondoren, parekotasuna erabat hautsi zen gorrien alderako, eta 18raino segurtasun handiz jokatuta iritsi ziren.
Bigarren finalean, pilota goxoarekin helduena, tanto oso piloteatuak ikusi ahal izan ziren. Markagailuak erakusten duena baino gogorragoa izan zen partida, ia ordubeteko iraupenekoa. Nagore Aramendi azpeitiarrak eta Leire Etxaniz etxebarriarrak jantzi zuten txapela, 18 eta 8 irabazita Lapurdiko Joana Haristoi (iragarrita zegoen Marie Goienetxeren ordez aritu zen) eta Oneka Bereauren aurka. Etxaniz atzelari urdinaren indarrak desorekatu zuen jokoa ia hasieratik, eta aurrean gehiago izan zen Aramendi kidea. Une oro aurretik izan ziren urdinak, binako eta hirunako berdinketatik.
Eguneko maila handieneko finala, pilota mistoarekin Promozioko bikoteek jokatu zutena izan zen. Erdi ukituko pilota gogorrarekin jardun ziren, eta jokaldi bikainak egin zituzten, bipareta ikusgarriak eta txapa gaineko mozketak tarteko. Txapelak Ainhoa Romero lemoarrak eta Irati Zabala lizartzarrak jantzi zituzten. Partida gora-beheratsua izan zen Nagore eta Leire Galeano ahizpa antzuolarraren aurkakoa, sakea edukitzeak baldintzatu zituelako markagailuko boladak. Launako berdinketaren ondoren, Galeano ahizpek 4-11 eta 7-13ko aldea atera zuten. Bazirudien txapelak Antzuolarako izango zirela, baina Zabala atzelari gorria asmatzen hasi zen eta 13nako berdinketara iritsi ziren hala. Romerok bi huts egin zituen orduan (13-16), baina bigarren aldiz itxaropena zapuztu zieten gorriek urdinei. Bukaera ikusgarria egin zuten bi bikoteek, estua eta emozioz betea. 16nako berdindu, eta Romero-Zabalak lortu zuten 18raino iristea.
Emakume Master Cupeko eliteko finala Irunen jokatuko da, datorren asteburuan.
Emaitzak:
– Pilota goxoarekin gazteak. Uxue Perez (Lezama) – Aiala Uriarte (Loiu), gorriz, 18 – Olatz Intxausti (Antzuola) – Irati Betegi (Aretxabaleta), urdinez, 9
– Pilota goxoarekin, helduak. Joana Haristoi – Oneka Bereau (Aiherra), gorriz, 8 – Nagore Aramendi (Azpeitia) – Leire Etxaniz (Etxebarria), urdinez, 18
– Pilota mistoarekin, Promozioa. Ainhoa Romero (Lemoa) – Irati Zabala (Lizartza), gorriz, 18 – Nagore Galeano – Leire Galeano (Antzuola), urdinez, 16