Adinekoen egoitzetako langileek 258. greba eguna beteko dute ostegunean
Gaur hasita, mobilizazio sorta iragarri dute erresidentzietako langileek. Ordiziako, Beasaingo eta Zumarragako egoitzetan eragina izango du. Bilera eskaera berri bat egingo dute
Gipuzkoako adineko pertsonen egoitzetako langileek protestekin jarraitzen dute, horrekin uler daiteke lan gatazkari irtenbiderik ez diotela eman oraindik. Aste honetarako, mobilizazio sorta deitu dute. Batetik, elkarretaratzea egingo dute gaur Tolosako Triangelu plazan 11:00etan, ELA sindikatuak deituta. Bihar, elkarretaratzeak egingo dituzte erresidentzien atarietan, ELA eta LAB sindikatuek deituta. Goierrin, Ordiziako San Josen, Beasaingo Arangoitin eta Zumarragako Argixaon egingo dituzte elkarretaratzeak. Eta osteguna, hilak 24, greba eguna izango da bi euskal sindikatuek deituta. Ostegunekoarekin 258. greba eguna izango dute.
Hiru urte pasatxo igaro dira Gipuzkoako erresidentzietako langileen protestak piztu zirenetik. Hain zuzen ere, 2018 urteko irailaren 28an egin zuten lehen greba eguna, «lan hitzarmen duin baten alde». Harrezkero, «langileen egoera asko okertu» dela salatu du ELAk, eta hortan «eragin handia» izan duela bai «COVID testuinguruak», bai «gure eskaerei entzungor egiten dutela ikusteak». ELA sindikatutik salatu dute, lan hitzarmenaren negoziazioak «blokeatuta» jarraitzen duela eta langileen egoera «jasanezina» dela.
Egoerari irtenbideak bilatzeko, iragan urriaren 28an Maite Peña Ongizate diputatuarekin biltzeko eskaera erregistratu zuten Gipuzkoako Foru Aldundian, ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariek. Ez zen bilera eskaera egiten zuten lehenengo aldia. Urrian egindako eskaerari «ez zioten erantzun».
Lan gatazkari amaierarik eman ezean, aurretik egindako iragarpenei jarraiki, mobilizazio deialdi berriak egin zituzten, hala, beste bi greba egun iragarriz; otsailaren 16rako eta martxoaren 24rako.
Otsailaren 16an egin zuten azkeneko greba eguna eta egun horretan, bilera eskaera berri bat erregistratu zuten aldundian. Martxoaren 22a da gaur, hilabete baino gehiago igaro da, «baina oraindik ez dugu biltzeko erantzunik jaso, entzungor jarraitzen dute».
Beste eskaera bat
Irtenbideak bilatzeko helburuarekin, mobilizazioekin aurrera jarraitzen dute, zeren ELA sindikatutik errepikatu dutenez, «egoera geroz eta jasanezinagoa» da. Eta gainera, «langileei bakarrik ez, egoiliarrei ere eragiten die honek guztiak». ELAk jakinarazi du, ostegunean bertan, bilera eskaera egingo dietela aldundiari eta patronalari, Lan Harremanen Kontseiluan.