Goierriko ukrainarren ezinegona
Goierriko ukrainarrek kezka handiz bizi dute beraien herrialdean gertatzen ari dena, noski. Tetiana Bereziuk-ek eta Maksym Zadorozhnyy-k bizi duten egoerari buruz hitz egin dute.
Goierriko ukrainarrak kezka handiz bizitzen ari dira beraien jaioterrian gertatzen ari dena. Tetiana Bereziuk-ek eta Maksym Zadorozhnyy-k GOIERRIKO HITZArekin hitz egin dute.
Bereziuk-ek 33 urte ditu. Chernivtsi hiritik gertu dagoen herri batekoa da. 200.000 biztanle pasatxo dituen hiri hau Ukraina hego-mendebaldean dago, Errumaniatik oso gertu. Ia bost urte daramatza Euskal Herrian bizitzen. Hiru seme-alabak bere amarekin utzita etorri zen. Duela egun batzuk Euskal Herrira ekarri zituen.
Gerra ez da oraindik bere jaioterrira heldu, baina dagoeneko jendea alde egiten hasi da. «Nire ama eta nire bi anaiak han daude. Oraingoz, nire jaioterriko egoera lasaia da, baina nire anaiak gerrara deitu dituzte jada. Ama ere Euskal Herrira ekarri nahi nuen, baina ez du etorri nahi. Izan ere, bere bi semeak bertan daude. Oso gazteak dira, gainera. Batak 29 urte ditu eta besteak 27».
Berak dagoeneko paperak lortu ditu eta ama bisitatzeko asmoa zuen, baina azkenean bisita espero ez zuen modukoa izan da. «Banandu nintzenean, hona etorri nintzen lanera seme-alabak aurrera atera ahal izateko. Dirua bidaltzen nien. Ezin nuen hemendik atera, paperak lortu arte. Otsailaren 28an lortu nuen NAN-a. Ama eta seme-alabak bisitatzera joateko asmoa nuen, baina bidaia behartuta eta seme-alabak ekartzeko izan da azkenean. Nire jaioterrian egoera gaiztotu zenean, nire egungo bikoteak seme-alaben bila joatea proposatu zidan».
6.000 kilometroko bidaia
Martxoaren 6an abiatu ziren. 6.000 kilometro egin zituzten autoan. «Hemendik nire herrira 3.000 kilometro daude. Nire bikoteak Alemanian familia du eta bertan geldialdia egin genuen. 26 ordu behar izan genituen Ukrainako mugara heltzeko eta nire amak eta seme-alabek, berriz, zortzi. Poloniatik Ukrainara pasa nintzen seme-alabak hartzera eta sei ordu kosta zitzaidan ondoren beste aldera pasatzea. Mugan jende asko zegoen. Sekulako hotza egiten zuen. Zorionez, Zumarragara itzultzea lortu genuen».
Seme-alabek ukraineraz hitz egiten dute eta euskaraz eta gazteleraz hitz egiten ikasi beharko dute. «Ondo ikusten ditut. Dagoeneko hitz batzuk ikasten ari dira. Zaharrenak 15 urte egin behar ditu eta maiatzeko azterketen ondoren hona ekartzeko asmoa nuen, ikasketak hemen jarrai zitzan. Azkenean, hiruak ikasturte erdian ekarri behar izan ditut. Gidatzeko baimena ateratzen ari naiz eta ea lehenbailehen lana aurkitzen dudan».
Bereziuk pozik dago seme-alabak Zumarragara ekartzea lortu duelako, baina ama eta anaiak Ukrainan utzi behar izan ditu. «Ukrainan gertatzen ari dena oso gogorra da. Pena handia ematen du. Asko hil egin dira, beste asko ezer gabe gelditu dira… Ama eta anaiak han edukitzea oso gogorra da».
Zadorozhnyy-k 32 urte ditu eta duela 20 urte atera zen Ukrainatik, gurasoekin, bizimodu hobe baten bila. Gurasoak gertu ditu eta ez du anai-arrebarik, baina bera ere sufritzen ari da. «Jaioterria gerran egotea oso gogorra da. Gurasoak hemen daude, baina senitartekoak eta lagunak ditut Ukrainan. Oso kezkatuta nago. Oraingoz, ez dute gure herria erasotu. Hiri txiki bat da eta, dirudienez, ez zaie asko interesatzen. Baina ez dago jakiterik. Egoera edozein unetan alda daiteke. Ea hau lehenbailehen amaitzen den. Hitz egin dezatela. Gerrak ez dakar ezer onik: gerra egun bakar bat jasanezina da. Jendea hiltzen dute, hiriak deuseztatzen dituzte… Gerra egun bakarra, eternitatea da. Beti bezala, jende pila bat hil ondoren, hitz egiten hasiko dira. Alderantziz egin behar da. Hitz egiten konpontzen dira gauzak».