Goilaser enpresan gertatutako lan istripua salatzeko elkarretaratzea egin dute
ELA, LAB, Steilas, Hiru, EHNE, ESK eta CCOO sindikatuek egin dute bat. 57 urteko langile bat hil zen larunbatean gertatutako ezbeharrean.
Gehiengo sindikalak deituta, gaur eguerdian elkarretaratzea egin dute Zegamako Goilaser enpresa aurrean, larunbatean gertatutako lan istripua salatzeko. ELA, LAB, Steilas, Hiru, EHNE, ESK eta CCOO sindikatuek egin dute bat elkarretaratzearekin. Lan ezbeharrean 57 urteko langile bat hil zen. Hilabete baino gutxiago zeraman lanean, eta LABek adierazi duenez, lan prozesu arriskutsu batean ziharduen berak bakarrik, laguntzarik gabe. “Irmoki salatu nahi dugu hilabete baino gutxiago lanean dirauen langile batek, trebezia behar duten prozesu arriskutsuak bakarrik egin behar izatea. Tamalez ohikoa da, praktiketan dauden edo esperientzia gutxi duten langileei ezagutza handia dutenen gaitasun berdinak exijitzea”, agertu du sindikatuak.
Lan osasun neurrien kontrola eraman behar duen “administrazioaren ageriko utzikeria” ere salatu du, eta EAEn ez Osalanek ez laneko ikuskaritzak ez dituztela baliabideak enpresak ikuskatzeko: “Milaka langileen lan osasuna ikuskatzeko kopurua ez da berrogeira iristen”.
ELAk azpimarratu du langileak aldi baterako enpresa baten bidez egiten zuela lan: “Geroz eta prekarioagoa den lan merkatu batean, are nabarmenagoa da prekarietate hau Aldi Baterako Enpresetan lan egiten duten langileengan. Enpresa hauen erabilera izugarrizko iruzurra da: behin-behineko kontratuak erabiltzea ustezko premia puntualak betetzeko, benetan enpresen barruan behar iraunkorrak direnean; astelehenetik ostiralera kontratatzea atseden-egunak aurrezteko; ordutegiak eta txandak aldatzea lan-legedian ezarritako gutxienekoak errespetatu gabe…”. Eusko Jaurlaritzari jarraipen neurriak berehala ezarri ditzala exijitu diote, eta aldi berean “lantokietan antolatu eta urtean 50etik gora lagunen bizitza aurretik eramaten duen bidegabekeriaren aurka borrokatzeko” deia zabaldu dute.
Metalgintzaren arloan, laser bidezko ebaketa egiten dute Zegamako Goilaser enpresan. Larunbateko azken ezbehar horrekin, aurten prekarietateak 13 langile erail ditu Euskal Herrian.