Musikari garrak ateraz hasi dira
Goi mailako musikarien partaidetzarekin hasi da Lazkao Txiki Musika Eskolaren kultur astea. Su Ta Gar taldeko Aitor Gorosabelek 40 urteko ibilbidea laburbildu du, Gerrikon. Kantu koraleko taldeak ere kantatu du.
Jendez bete zen atzo arratsean Lazkaoko Gerriko elkartea, Aitor Gorosabel musikari eibartarraren ibilerak eta saio akustikoa entzuteko. Kultur elkartearen Hitz&Musik atalerako ezezik, Lazkao Txiki musika eskolaren kultur asterako ere bazen ekitaldia, herriko talde ugarik parte hartuko baitute atzo hasi eta igandera arte luzatuko den egitarauan.
Hasi, kantu koraleko taldearen Jan dezagun emanaldiarekin hasi zen kultur astea, ordubete lehenago, Arerian. Ikastolako kideen aurrean errepikatuko dute emanaldia, bihar 14:30ean.
Gaur, Maite Francok ipuin musikatua kontatuko die ikastolako HHko haurrei (14:30, Areria). Iluntzean, publiko orokorrarentzat, Beñat Barandiaran irakasleak egindako Sokak ikus-entzunezkoa emango dute, 19:30ean, Arerian. Natura, kirolak eta musika uztartzen ditu.
Angel Unzu gitarrarekin
Bihar, Angel Unzu gitarra jotzaileak eta Barandiaranek gitarra jotzeko modu bitxiekin saio didaktiko bat egingo dute (19:30, kultur etxean). Ostegunean, Musika kalean ekimena osatuko dute ikasleek, 17:00etatik aurrera, Lazkaoko leku askotan. Alos Quartet hari laukotea, Oin-Arin dantza taldea eta musika eskolako biolin taldea ariko dira gero (19:30ean, Arerian). Asteburua ere betea izango da.