Dozena bat komunitate linguistikotako ordezkariek udaleko hizkuntza politikak ezagutu dituzte
Hamaika estatutako 24 kide Beasainen izan dira, Leire Artola alkatearekin bilduta. Garabidek antolatu du saioa, Hibil ikastaldiaren baitan
Hamabi komunitate linguistikoko 24 ordezkari Beasaingo Udalarekin bildu dira gaur goizean, tokiko hizkuntza politikak ezagutzeko. Gero, bakoitzak bere eremuan aplikatzea da asmoa, hizkuntza biziberritzeko. Hamaika hizkuntza eremu ordezkatzen dituzte, zehazki.
Garabidek antolatu du Topaketa, Hibil hizkuntza gutxituak biziberritzeko lankidetzaren-ikastaldiaren baitan. Ikastaldi honek izaera mistoa du: azken hiru hilabeteetan on-line ikastaroa egin dute partaideek. Gai nagusienak soziolinguistika, hizkuntzen berreskurapen prozesuak eta, zehazki, euskararen biziberritze prozesua izan dira. Apirilaren 1a arte Euskal Herrian izango dira maila teorikoan sakontzeko eta, batez ere, euskalgintzako hainbat entitate bisitatzeko eta ezagutzeko. Beasaingo Udalaz gain, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Berria bisitatu dituzte, besteak beste.
Beasaingo Udalaren eta Garabideren arteko lehen hitzarmena duela bost urtetakoa da. Aurten ere berrituko dute, nahiz eta oraindik ez dagoen sinatuta. Udalak ohiko diru sarreretatik jasotzen duenaren %1a Ongizate saileko lankidetza programetara bideratzen du, Garabidera tartean. 170.000 bat euro izango dira aurten. Horien %70a Euskal Fondora eta Garabidera bideratuko ditu.