Hondakinak erregai bihurtzen, 20 urtez
Sasietako zabortegian pilatutako hondakinek sortzen duten gasa argindar bihurtzeko BioSasieta instalazioak 20 urte beteko ditu apirilean. Gasa agortzear dela diote mankomunitateko arduradunek.
Sasieta mankomunitateak bigarren bizirik eman ezin zaien hondakinei ere ateratzen diete probetxua. Azken hondarreraino eta apur bat gehiago. Hondakinek sortzen dituzten gasak energia sortzeko baliatzen baitituzte. Lan horretan 20 urte beteko dituzte datozen egunetan. BioSasieta 2002ko apirilean hasi zen martxan.
Sasietako zabortegia martxan zegoen orduan. Egun, malda handiko belardi zabal bat da, errepide sigi-sagatsu batek alderik alde behin eta berriz moztuta. Zelaiaren azpian, metro bateko sakoneran, garai batean botatako hondakinak daude, ordea, ez direlako egun batetik bestera desagertzen. Dena dela, hondakinak ordenatuta daude: Eskonbroak eta errefusa txandakatuta daude, lasagna baten moduan. Iraganean ez zenez egun bezainbeste sailkatzen, errefusak material organikoa ere badauka. Hau usteltzean, gasak sortzen dira. Metanoa, bereziki. Gainazalera igotzen denean, Sasietakoek jaso egiten dute eta magalaren erdialdean dagoen motor batera, bidali. Motorrak, gasaren bitartez, dinamo bat jira arazten du eta, hala, energia sortzen da. Elektrizitate poste batzuen bidez magala jaisten du, trenbidea eta A-636 errepidea gurutzatu, eta sare elektrikoan sartzen da, goierritarren etxeetara iristeko.
Enrike Enparantza Biosasieta instalazioko arduradun teknikoak dio sasoi onenean 3,3 megawatt ekoizteko gai zirela. Hau da, 2.500 biztanleren beharrak asetzeko lain. Idiazabal, adina. Zabortegia duela zazpi urte itxi zenenez, ez da zabor berririk sartzen eta dagoenak geroz eta gas gutxiago sortzen du. Gaur egun 900 biztanleren kontsumoa hornitu dezakete, gutxi gorabehera. 46 megawatt ekoitzi dituzte denera 20 urteotan. «Modu apalean, baina bere aletxoa ekarri du instalazio honek gure bailarara».
Zabortegia ixtean, Sasietaren bazkidea zen Energiaren Euskal Erakundeak instalazioa amortizatuta zegoela ebatzi zuen. «Mankomunitateak, baina, hausnarketa tekniko baten ondoren bideragarria izan zitekeela ondorioztatu zuen eta aurrera egitea erabaki genuen», oroitu du Enparantzak. Urtebeteko etena egin zuten sistema «goitik behera eraberritzeko»: hoditeria guztia garbitu, konpondu, berritu… zuten. «Modu horretan kostuak optimizatzea lortu zen eta azkeneko sei urte hauek erabateko bideragarriak izan dira», nabarmendu du. Sasietak bere gain hartu zituen egokitzapen-kostuak, baina jada berdinduta daude, lortutako irabaziekin. Sarrera ekonomikoak plantaren mantentze lanetan erabiltzen dira, eta soberakinak, baldin badaude, «oso-osorik», zabortegiaren behin-betiko zigilatze eta berreskuratze obretara bideratzen dira.
Enparantzak dio kilowatt/ordua «oso ondo» ordaintzen dela. 43 zentimo ere ordaindu dizkiete azken egunetan. Duela bi urte baino 20 aldiz gehiago da hori. «Merkatua erabat aldakorra da eta erabateko sasoi txarrak ere ezagutu ditugu», aitortu du. Pandemia heldu zenean ustiapena eten ala ez hausnartzen ari ziren, ez baitzen errentagarria eta Sasietak gas askoz gehiagorik ez duelako.
Enparantzak kalkulatu du urtebeterako gasa dutela, baina zehatz-mehatz ezin da jakin. Gainera, baldintza klimatologikoen arabera gas gehiago edo gutxiago sortzen da. «Gelditzen den apurra ahalik eta gehien zukutuko dugu», zin egin du.
Hondarrak
BioSasieta ixtean Gipuzkoa biogas edo hondakin organikoetatik gasa lortzeko instalaziorik gabe geldituko da. Enparantzaren ustez halako instalazioek «berebiziko garrantzia» dute energia mendekotasuna gutxitzeko, beharrak osorik asetzeko nahikoa ez bada ere.
Berotegi-efektuko gasen isurpena murrizteko ere balio du. Metanoa CO2a baino 25 aldiz kutsakorragoa da. Iaz, esate baterako, 1,5 Mm3 atmosferara isurtzea saihestu zen.