Xabi Mujikak eta Miriam Iztuetak Kantabriako Pirelli Kopan parte hartuko dute
Lehen proba apirilaren 2an izango da, Guriezon. Uztailaren 1ean eta 2an Goilurrak proba egingo dute, Lazkaon eta Azpeitian. Urretxuko bikoteak lan ona egiteko itxaropena du
Xabi Mujika rally pilotuak eta Miriam Iztueta bere kopilotu eta bikoteak apirilaren 2an hasiko den Kantabriako Pirelli Kopan parte hartuko dute.
Mujika umetatik da auto eta moto zalea. «4 urterekin motorrean ibiltzen nintzen. 2009an anaia pilotu bezala hasi zen eta 2011tik aurrera kopilotu lana egin nuen berarentzat. Bi urte egin nituen berarekin. Gidatzeko baimena eskuratu nuenean, nire aurrezkiekin Opel Corsa bat erosi nuen. Bi edo hiru urte egin nituen auto harekin. Ondoren, Citroen Saxo hau prestatu nuen. Kalerako nuen eta rallyetarako prestatu dut. Ordu asko eman ditut hemen, lehengusuarekin, anaiarekin eta Miriamekin. Autoa oso ondo ibiltzen da. 2020an lasterketa bakarra egin genuen, pandemia zela eta. Iaz denboraldi osoa egin genuen, Kantabrian, proba egiteko eta autoa hobetzeko. Aurten, dena ematera goaz».
Kantabriako Pirelli Kopak ospe handia du. «Kantabrian zaletasun handia dago. Irabazlearentzat dagoen saria oso ona da eta horren bila joango gara. Gainera, Pirelli Kopako rallyetako bat Euskal Herrian egingo da eta horrek ilusio handia egiten digu. Goilurrak rallya uztailaren 1ean eta 2an izango da, Lazkaon eta Azpeitian».
Autoa hobetu dute
Ez da erraza izango irabaztea, baina dena emango dute. «Kantabriarrek etxean korrituko dute. Hori dela eta, errepideak ondo ezagutzen dituzte. Guk ez ditugu hango errepideak horren ondo ezagutzen, baina lan ona egiteko gai garela uste dugu. Auto gehienak gureak baino hobeak dira, prestatuagoak daude, baina beraiengandik gertu ibiltzea espero dugu. Iaz ez ginen gaizki ibili eta aurten autoari hobekuntzak egin dizkiogu. Besteek matxuraren bat badute, gu hor egotea espero dugu: beraiek utzitako puntuak jasotzeko prest. Ni topera joango naiz eta Miriamen lana funtsezkoa izango da. Bere lanean konfiantza osoa dut».
Lehenengo lasterketarako hamar egun bakarrik falta dira eta asteburu honetan bertan Kantabriara joango dira, osatu beharreko ibilbidea ezagutzera. «Ibilbideko zati bakoitza hiru aldiz egin dezakegu, gehienez. Nota onak hartzea funtsezkoa da. Miriamek bihurgune bat topera egiteko esaten badit, topera egin behar dut». Mujika bere ametsa betetzen ari da. «Aurrezten dudan diru guztia, zaletasun honi ematen diot. Umetatik dudan ametsa da».
Iztueta ez zen auto zalea, Mujika ezagutu zuen arte. «Bederatzi urte daramatzagu elkarrekin. Berarekin joaten nintzen lasterketak ikustera, baina ez nuen uste nik ere parte hartuko nuenik. Duela urte batzuk, Gabiria-Legazpi rallysprinterako kopiloturik ez zuen eta bere ondoan esertzeko eskatu zidan. Animatu egin nintzen eta gurasoei baimena eskatu nien, badaezpada ere. Ama ez zegoen oso alde, baina aita zalea da eta berehala baiezkoa eman zidan. Ni ez banintzen joaten, bera joango zela esan zidan. Gurasoen aldetik, ez dugu inongo arazorik: bion gurasoak proba guztiak ikustera joaten dira».
Beldurra
Lehen proba hasi aurretik beldurtuta zegoela onartu du. «Ez nekien autoan joatea zer zen eta beldurrez eseri nintzen. Baina irten eta berehala beldurra pasa zitzaidan. Auto barruan ez duzu beldurra pasatzeko astirik. Zure lana egin beharra duzu eta ez duzu beste ezertan pentsatzen».
Mujikari kopilotu berriak lan ona egin zuela iruditu zitzaion. «Oso lan ona egin zuen. Kantabriako probetara anaia eraman nuen, baina hemengo batzuetan Miriamekin parte hartu nuen, esperientzia har zezan. Egun, bera da nire kopilotua».
Kopilotuaren lana oso garrantzitsua dela dio. «Lasterketa egunean, ia lan guztiak kopilotuak egiten ditu: ordutegiak, notak, kamera piztu, gurpilen presioa… Ni gidatzeaz bakarrik arduratzen naiz».
Autotik kanpo ere bikote
Bikotea izatea lagungarria dela diote. «Ordu asko ematen ditugu garajean, autoa prestatzen. Beste batzuei bikoteak haserretu egiten zaizkie, beti garajean daudelako. Gure kasuan, biok zaletasun bera dugunez, ez dugu arazorik», dio Mujikak. «Garajean egotea asko gustatzen zait, mekanika gustuko baitut. Ikasteko gogoa dut».
Geroz eta gehiago omen dira rallyetan elkarrekin aritzen diren bikoteak. «Geroz eta neska gehiago ikusten dira rallyetan, bai kopilotu lanean eta bai pilotu lanean. Miriami lasterketaren batean autoa gidatzea eskaini diot. Ezetz esaten dit». Ez da ausartzen. «Probaren ondoren, autoa nik gidatzen dut. Baina ez naiz lasterketa batean autoa gidatzera ausartzen. Ez dakit azkar gidatzen eta ez dut bere autoa txikitu nahi», aipatu du Iztuetak. «Konponduko dugu!», dio bere bikoteak.
Bukatzeko, eskerrak eman nahi dizkiete beraien babesleei: Euskadi Low Cost gasolindegiak, Egumendi tailerra, Jusa pinturak, Mujika garraioak, Hirurok igeltserotza, Leonardo Sport, Engimec, Legauto eta Idegrafik.