CAFeko lan batzordearentzat ekoizpena osorik etetea "neurrigabea" da eta epaitegietara jo dute
Materiala falta dela ez dute ukatu, baina ez dela horrenbesterako diote. Asteartean 30 pertsona inguru zeudela lan egin ezinik, eta atzo 1.411 geldiarazi zituztela esan dute
CAFeko enpresa batzordeak zuzendaritzaren ekoizpena geldiarazteko erabakia epaitegietara eraman du, “neurrigabea” delakoan. Arduradunek Beasaingo eta Irungo ekoizpen-katearen gehiengoa geldiarazi zuen atzo, garraiolarien grebak eraginda lehengairik ez dutela argudiatuta; gaur bigarren eguna dute; asteartera arte horrela egongo dira, greba lehenago amaitu ezean.
“Modu proportzionalagoan konpon zitekeen konplikazio baten aurrean arazoa handiagotu” dutela salatu du Asier Zubeldiak CAFeko enpresa batzordearen izenean. Asteartean 30 pertsona zeudela lan egin ezinik eta gaur, 1.411 nabarmendu du. Jakinarazpenik jaso ez eta lanera joan diren langileek ugazaben “benetako” piketeak topatu dituztela gaineratu du. “Erabat ukatzen dugu hornidura-arazoaren eragina enpresak planteatzen duen dimentsiokoa denik eta produkzioaren erabateko langabeziara jo behar denik”. Halere, ez dute ukatu grebaren eraginez hornidura edo materialak bidaltzeko arazo “batzuk” dituztenik.
Langileek neurriak material ezak eragin ditzakeen lanei “bakarrik” aplikatzea eskatu dute. “Nahikoa” dela esan dute. Zuzendaritzari Gipuzkoako industria siderometalurgiakoaren hitzarmeneko 30. artikulua aplikatzeko ere eskatu diote, geldialdiari dagokiona. Artikulu honek dio geldialditzat hartuko dela “langilearen asmoarekin zerikusirik gabe hauek geldirik egon behar duen aldiak. Adibidez, materialik edo elementurik eskura ez izatean” Kasu honetan, langileek ordainsaria jasoko dute eta ez dituzte orduak berreskuratu beharrik izango zuzendaritzak eta langileek bestelakorik adosten ez badute.
Arduradunek, baina, 9. artikulua aplikatzea erabaki dute. “Enpresaren garapen arruntean eragina izan dezaketen produkzio-garai berezietan” aktibatu daitekeen klausula da eta, zuzendaritzari eskumena ematen dio jarduera beste egunetan betetzea agintzeko, beti ere igandeak, jaiegunak, zubiak eta oporrak salbuetsiz. Halaber, lan egunak ezingo dira bederatzi ordu baino gehiagokoak izan. Langileek uste dute zuzendaritzak 9.aren alde egin duela beraientzako ez delako horren kaltegarria, eskariak era batera edo bestera garai bertsuan entregatuko dituztelako eta lan-egunik ez delako galtzen. “Egoeraren pisu guztia langileen gain utzi dute”, kexatu dira.
Enpresa batzordeak eta zuzendaritzak izandako bileretan ez dute akordiorik lortu. “Guk langileen interesak defendatzen segiko dugu, tinko, ditugun medio guztiekin”, zin egin zuen Zubeldiak. “Hori horrela, bide legaletik jarraitzea bakarrik ez zaigu geratzen”.
Enpresa batzordeak esperantza du epaitegiek arrazoia emango diela, 30. artikulua egoerara hobeto egokitzen delako 9.na baino. Edonola ere, epaia geldialdiak gehienez iraun ditzakeen bost egunak pasata helduko da. Langileen aldekoa balitz, atzeraeraginezko izaera izango luke eta egunak ez lituzkete berreskuratu beharrik izango.
Ezjakintasuna
Langileak, bien bitartean, “kezkatuta” daude bost egunak pasatakoan greba amaitzen ez bada zer gertatuko den. “Zer gertatuko da gurekin asteazkenean lanera itzultzen garenean? Ez dakigu, ez dugu erantzunik”. Legeak debekatu egiten du 9. artikulua bost egun baino gehiago luzatzea eta errepikatzea. Hornidura bermatu ezean, langileentzako erabaki kaltegarriagoak hartzeak beldurtzen ditu.
Azpikontratatutako langileen egoerak ere urduritzen ditu. “Behin eta berriz eskatu diogu zuzendaritzari egoerak pertsona horiengan duen eraginari buruzko informazioa, baina ez digute ezer erantzun”.