Txarriboda makabroa
Patxi Zubizarreta idazle ordiziarrak 'Zerria' liburua aurkeztu du, Lizardi sariaren 40. edizioren irabazlea izan dena. «Gaurkotasuna du» idazlearen iritziz
Ordu «ilunak» bizi baditugu ere, atzokoan, argi pixka bat jarri zuen Patxi Zubizarreta idazle erdi ordiziar, erdi gasteiztarrak. 40. Lizardi saria irabazi du, Zerria (Erein argitaletxea) liburuarekin, eta atzo, ukitu zuen, aurkeztu zuen, Donostiako Udal Liburutegian.
Alboan izan zituen, proiektu honetan ere bidelagun izan duen, Antton Olariaga ilustratzailea, eta Inazio Mujika editorea. 40. edizio hau berezia da, ez bakarrik urteurren borobila delako, baita ere, lehenengoz, 13-17 urte bitartekoentzat zuzenduta dagoen literatur lanak saritu direlako. Zubizarretaren hitzetan, «autoestimu ariketa» bat izan da, eta «pozik» agertu da «funtzionatu» duelako.
Orain dela 30 urte Lizardi Saria eskurarazi zion Matias Ploffen erabakiak ipuinean bezala, abentura gogo berberarekin abiatu da Zubizarreta. Oraingoan, historia makabroa du oinarrian: «Argumentua abiatzen da, batez ere, irakurri nuenean nola Frantzia aldean txerri batek baserri batean sehaskako ume bat hil zuen, baita jan ere. Txerria epaitu eta heriotzara kondenatu zuten. Jabeak ez, jabeak epaitu zituzten exekuzioa ikustera, baita inguruko baserritarrak txerriekin joan zitezen ere. Txerri hiltzailea, infantizidioaren egilea, jarri zuten gizon jantzian, eta borrero batek urkatu egin zuen, gero zatitu egin zuten eta erre egin zuten».
Liburu honetan, kontalaria, glaziologo bat da; «Alpeetan, glaziar bat urtu da eta bi gorpu agertu dira. ondoan piztia baten eskeletoa-edo ageri da». Horien nondik norakoak argitzea eta azaltzea da liburuaren muina.
Zubizarretaren kontakizunari, Olariagak ipini dio irudia. Ilustratzaileak aurkezpenean esan duenez, «lehia polita» izan ohi da testuarekin. «Idazleak bere fikzioa egiten du eta guk transmutazioa egiten dugu, hizkuntza grafikoan». Adierazi duenez, lehia horretan zailena da «testuari traizioa ez egitea». Emaitza «zoragarria» izan da Zubizarretarentzat.
Gaurkotasuna
Liburuak «gaurkotasuna» hartzen du Zubizarretaren iritziz, «Homo Homini Lupus esaten da; gizona gizonarentzat otsoa dela. Eta esango nuke, gaur egun ere, horrelaxe gabiltzala, badituela gizakiak batzuetan oso jarrera makabroak, triskantza beldurgarriak egiten ditu, egun hauetan ikusten ari garenez ere bai». Idazleak esan du, «maila pertsonalean eta gizarte mailan», hori dela liburu honek duen «kritika». «Behar bada, Homo Homini Porcus bihurtzen da historia».