Festa antolatu dute Korrikaren aitzakian
Korrika Beasainera apirilaren 8an helduko da, baina ekintzak asteazkenean hasiko dira
Askotariko egitaraua antolatu dute Beasainen Korrika datorrelako. Esaterako, asteazkenean gaiaren inguruko mintzatertulia egingo dute Igartzako Jauregian. Aitor Aguadok egingo du sarrera eta, ondoren, talde txikietan banatuta Korrikaren inguruko oroitzapenak, zalantzak, burutazioak… elkarbanatuko dituzte. Euskaraz, nola ez. Mentzatertulien helburua euskaraz hitz egiteko eremuak sortzea baita.
Apirilaren 7an, Korrika Goierrira heldu bezperan, Kilometroa erosi duten guztiek argazkia aterako dute. Zubimusu plazan elkartuko dira, 18:30ean. Petoak ere banatuko dituzte. Bestela, herri dendan ere salgai daude, ostiraletan 17:00etatik 19:30era eta larunbatetan 10:30etik 13:00etara.
Egun handia
Korrika Beasainera apirilaren 8an helduko da, 19:30ean, Lazkaotik. Halere, goizetik izango dira ekintzak: 10:30ean Korrika txikia egingo dute eskoletako ikasleek eta irakasleek; 17:00etan, San Martin plazatik abiatuta, buruhandiak eta txistulariak ibiliko dira kaleak girotzen; 18:00etan, plazan bertan, Hitzekin abestia koreografiatuko dute. Entseguak gaur eta datorren ostiralean izango dira, Gernika pasealekuko frontoian, 17:00etan; amaitutakoan, trikipoteoa hasiko da. Beasaingo joaldunak ere kalez kale ibiliko dira.
Behin lekukoa Ordizia aldera joandakoan, 20:00ak aldera, Zuttik elektrotxarangak borobilduko du eguna. Bideluze plazan hasiko dira.