Goierri Eskolara doan oinezkoen bidea berritzea hitzartu dute
Lanak exekutatzea eta finantzatzea adostu dute Goierri Fundazioak, eta Beasaingo, Lazkaoko, Olaberriko eta Ordiziako udalek. Irisgarritasuna bermatu nahi dute
Goierri Eskolara doan oinezkoen bidea eraberrituko dute; hain zuen ere, San Isidro etxaldera ateratzen dena, CAF lantegiko pabiloien atzealdetik doana. Jende ugarik erabiltzen du, eta pertsona denentzat irisgarritasuna, mugikortasuna eta segurtasuna hobetze aldera, konpontze eta hobetze lanak exekutatzea eta finantzatzea adostu dute Goierri Fundazioak, eta Beasain, Lazkao, Olaberria eta Ordizia Udalek.
Ordiziatik eta N-1 errepidetik datozen ibilgailuentzako eta oinezkoentzako sarbideez gain, San Isidro etxaldera iristen den oinezkoen bidea ere, Goierri Eskolako ikasle, irakasle eta langile askok erabiltzen dute. Bide hori hartzen dute, Beasain eta Lazkao aldetik, eskolara doazenek, baita hainbat eta hainbat ibiltarik eta zikloturistek ere.
66.000 euro
Ia kilometro bateko luzera du; 834 metro inguru, zehatzago esateko. Hormigoizko zoru berria bota, argiteria jarri eta oinezkoen erabilera bermatuko duten hesi eta seinaleak jarriko dituzte.
Berrikuntza lan hauek egiteko inbertsioa 66.033,63 eurokoa izango da. Olaberriko Udalak biztanle kopuruaren araberako kostuaren zatia ordainduko du eta gainontzekoa, Beasain, Lazkao eta Ordiziako Udalek finantzatuko dute, bakoitzak heren berdin bat ordainduko du: Olaberriko Udalak 1.412,49 euro; Beasaingo Udalak 21.540,38 euro; Lazkaoko Udalak 21.540,38 euro; eta Ordiziako Udalak 21.540,38 euro.
Goierriko Herrien Ekintza Fundazioak, berriz, aipatutako oinezkoentzako bidea konpontzeko eta hobetzeko lanak sustatuko ditu. Horretarako beharrezkoak diren proiektu teknikoak, azterlanak edo aldez aurreko dokumentuak enkargatuko ditu eta obren exekuzioa bideratuko du. Era berean, udalek haien zerbitzu teknikoen laguntza ere emango dute.