Ikamak euskal eskola herritar eta burujabea eskatuko du asteartean
Goierriko ikasleei Donostiara joateko deia egin diete. Trenez joango dira. Denak batera joateko deia egingo dute baina oraindik ez dute ordurik zehaztu
Ikama mugimenduak mobilizazioak egingo ditu asteartean, hezkuntza sistema aldatzeko. «Euskal eskola herritar eta burujabea» nahi dute, «duina, kontrol sozialik gabea eta osasun mentala zaintzeko tresnak» dituena.
Egungo hezkuntza sistema «ustelduta» dagoela diote. Erabakiak ikasleen eta komunitatearen hitza entzun gabe hartzen direla, euskaraz ikasteko «ezintasuna» eta ikasleak sistemaren menpe egoteko formatzen dituela zerrendatu dituzte adibide gisa. Egoera geroz eta «prekarioagoa» dela gaineratu dute. Ikasgeletako ratioak «handiegiak» direla eta ikasketa prozesua «duintasunez» garatzeko baliabideak «eskasegiak» direla zehaztu dute. Pribatizazioa eta segregazioa ere salatu dituzte.
Ikasleak ondorio psikosozialak pairatzen ari direla azpimarratu dute, eta ez dutela «inolako» neurrik jarri kexu dira. Notetan oinarritutako sistemak ikasleen artean «presioa eta beldurra» sortzen duela ere esan dute.
Kontrol soziala
Ikasle antolakundeak «kriminalizatuta» daudela ere aipatu dute. Horren harira, atzo Ikasle Abertzaleakek deitutako greba egunean izandako 34 atxiloketak aipatu ditu Ibai Agirre Ikamako kideak. Sei goierritar izan ziren atxilotuak, tartean. «Betidanik inposatu izan zaizkigu kontrolerako mekanismoak, eta pandemiaren aitzakiapean jarritakoak asimilatu ditugu», atsekabetu dira.
Mobilizazioak hego Euskal Herriko lau hiriburuetan eta Amurrion (Araba) eta Bergaran (Gipuzkoa) egingo dituzte. Goierriko ikasleei Donostiara joateko deia egin diete. Trenez joango dira. Denak batera joateko deia egingo dute, oraindik ordurik zehaztu ez duten arren. 12:00etan hasiko da Donostiako manifestazioa.