Korrikaren aldeko festa egingo dute Gaintzan bihar, bazkari eta guzti
Apirilaren 8an iritsiko da 22. Korrika Goierrira, arratsaldean. Herrietako antolakuntza batzordeek prestatutako egitarauak giroa berotzen hastera doaz.
Gaintzako herria izango da Korrikaren aldeko festa egiten lehenengoetarikoa, bihar. Haurrekin eta nahi duten guztiekin, Korrika Txikia egingo dute lehenik, 12:00etan, plazan. Gero, 14:00etan, On Bide elkartean bazkaria izango da.
Korrikaren antolatzaile AEKrentzat dirua biltzea izango da helburu bat. Bazkaria eta diru ematea, helduentzat 20 euroan jarri dute, eta haurrentzat 15ean.
Ekarpenak egiteko erak
Gaintzarrei diru ekarpenak eskatu dizkie herriko Korrika Batzordeak. Udaletxean, Kaletxiki eta Oteñe tabernetan, edo On Bide elkartean eman liteke dirua. Gaintzarren kilometroa erosiko dute, besteak beste.













