Mutiloako Errotatxo eta Zeraingo Aizpeako labeak inauguratu dituzte
2013an egin zuen Errotatxo errotari eta aldameneko eraikinari balioa emateko lehenengo fasea Mutiloako Udalak. Aizpeako meatze gunea berreskuratzeko lanak 90. hamarkadan hasi zituen Zeraingo Udalak.
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2022/03/img_3576.jpg)
Mutiloako Errotatxo eta Zeraingo Aizpeako meatze guneko kiskaltze labeak inauguratzeko ekitaldi instituzionala egin dute gaur goizean, eremuak biziberritzeko lanak bukatu ondoren. Espainiako Gobernuaren Fomentoko Ministeritzaren eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Departamentuaren laguntzekin egin dituzte lanak. Errotatxorako Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura sailetik eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasuna eta Ingurumen sailetik ere jaso du laguntza Mutiloako Udalak.
Inaugurazioan izan dira Amaia Junquera Zeraingo alkatea, Iñaki Ugalde Mutiloako alkatea, eskualdeko udaletako ordezkariak, Zumalakarregi Museoko ordezkariak, Guillermo Echenique Espainiako Gobernuaren Gipuzkoako ordezkariordea, Mikel Xabier Aizpuru Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen zuzendaria, Harkaitz Millan Aldundiko kultur diputatua, Rita Lorite Espainiako Gobernuko ‘1,5 kulturala’ programaren arduraduna eta Wolfgang Berger arkitektoa, besteak beste. Errotatxo bisitatu dute lehenengo, eta Aizpeako meatze gunea ondoren.
Errotatxo pasivhaus bezala berritu dute, Berger arkitektoaren eskutik. Garai batean esku pribatuan zegoen errota, Mutiloako Udalak erosi egin zuen, eta 2013an egin zuen Errotatxo errotari eta aldameneko eraikinari balioa emateko lehenengo fasea. Aizpeako labeei dagokienez, 90. hamarkadan hasi zituen Zeraingo Udalak ondare industriala zaindu eta berreskuratzeko lanak.