Ane Zuazubiskar gailendu da Argi Berri sarian
Ane Zuazubiskarrek irabazi du bertsolari gazteentzako Argi Berri saria. Zuazubiskarrek berak eta Oihana Aranak lortu dute Osinalde sariketako finalerako txartela. Ordiziako Herri Antzokira bertaratutakoek partaide guztien jarduna goraipatu dute.
Ane Zuazubiskar arrasatearrak lortu du Argi Berri sariko Txikia garaikurra. Ordiziako Herri Antzokira bertaratu diren dozenaka entzuleek erabaki dute nor izan den garailea. Hala ere, partaide guztien jarduna goraipatu dute eta txalo zaparrada mardulak jaso dituzte seiek. Osinalde sariketarako kanporaketa izan da Ordiziakoa eta, Zuazubiskarrekin batera, Oihana Arana eskoriatzarrak lortu du finalerako txartela.
Aurtengoa Argi Berri sariaren 24. edizioa izan da eta, bertan, sei bertsolari gazte aritu dira kantuan: Ane Zuazubiskar (Arrasate), Oihana Arana (Eskoriatza), Andoni Mujika (Urnieta), Maide Garmendia (Zaldibia), Haizea Arana (Eskoriatza) eta Iker Ormazabal (Hernani). Eguerdiko hamabietan ekin diote jardunari eta arratsaldeko ordu biak aldera eman dute garailearen berri. Igor Eguren aritu da gai-jartzaile lanetan.
Zuazubiskar, seien artean beteranoena, garaipenerako hautagai nagusia zen eta halaxe erakutsi du. Gainerako partaideak baino erosoago aritu da arrasatearra, nahiz eta, beste bostek ez dizkioten gauzak erraztu. Bertso ederrak eskaini dituzte guztiek. Binakako proba bikaina osatu dute Mujika eta Ormazabalek. Ofizioa bilobari transmititu nahi dion artzainaren eta bizimodu horren gogortasunaren jabe den bilobaren paperak hartu dituzte.
Arana ahizpak ere ederki aritu dira binakakoan. Espetxean dauden bi presoren lekuan jarri dituzte eta ziegako apaintzearen inguruan jardun dute. Zuazubiskarrek, orokorrean, saio biribila osatu du eta horren isla izan da azken agurrean jasotako txalo zaparrada. Bestetik, aurten Osinalde sarian parte hartu duen goierritar bakarra ere bikain aritu da . Maide Garmendia zaldibiarrak bertso ederrak eskaini ditu eta, azken agurrean esan duen bezala, “etxera pozik joan behar da/gustora bada zalea”.
Goierrin antolatzen dituzten bertsolari gazteentzako sariketen artean aurrena izan da Argi Berrikoa. Azken urteetan bezala, lau sariketa ospatuko dira aurtengoan ere. Gaurkoaren ostean, datorren larunbatean ospatuko da Osinalderako hurrengo kanporaketa. Apirilaren 2an, Legazpiko Latxartegi aretoan jokatuko da Aztiri saria. Aste bete geroago, apirilaren 9an, Zaldibiako kanporaketan hautako dituzte azken bi finalistak. Apirilaren 23an, Gabirian arituko dira hiru kanporaketetan sailkatutako bertsolariak. Bertatik aterako da 50. Osinalde sariketako garailea.