Garaipen garrantzitsua lortu du Ampo Ordiziak Altamiran
Ampo Ordiziak ligako laugarren postua indartu du Quesos Entrepinares taldea 19-11 garaituta. Partida aurretik, Xabi Lerma, Iñaki Puyadena eta Asier Alvarez de Eunate omendu ditzute, ohorezko ligan 300 partida baino gehiago jokatu izanagatik.
Iazko ligako garaile VRAC Quesos Entrepinares taldea garaitu du Ampo Ordiziak Altamiran. Indartsu ekin diote ordiziarrek norgehiagokari, baina valladolidekoek kontraerasoari ekin eta zail jarri diote garaipena etxeko taldeari. Azkenean, ordiziarrek partida euren alde jartzea lortu dute eta 19-11 garaitu dituzte valladolidekoak.
Lehen zatiari ekin eta laster lortu dute ordiziarrek lehen entsegua eta transformazioa. Halere, lehen zati estua izan da eta bi zigor-kolperi esker Quesos Entrepinaresekoek distantzia laburtu dute. Atsedenaldian, 7-6 adierazten zuen markagailuak. Bigarren zatian, aldiz, valladolidekoak izan dira kementsu hasi direnak. Lau puntuko aldearekin aurretik ere izan dira Quesos Entrepinaresekoak, baina ordiziarrek lau zigor-kolpe baliatu dituzte garaipena eskuratzeko.
Omenaldia partida aurretik
Partidari ekin aurretik, ohorezko mailan 300 partida baino gehiago jokatu dituzten Ordizia Rugby Elkarteak partaideak omendu dituzte. Iñaki Puyadena, Asier Alvarez de Eulate eta, gaur-gaurkoz aktibo ez dagoen, Xabi Lerma izan dira omendutako hiru jokalariak. Txapela eta 300 zenbakidun elastiko bana eman dizkiete jokalariei; gainera, hiruen izena daraman plaka erakutsi du Ordiziako Udalak.
Gaurko garaipenarekin, Ampo Ordiziak ohorezko ligako laugarren postua sendotu du. Garaipen garrantzitsua da, izan ere, fase erregularren laugarren postua eskuratzen duenaren etxean jokatuko da ligako final laurdenetakoa.