Udaberria loratu da Seguran
XX. udaberriko lore eta landare azoka egin dute gaur Seguran. Eguraldia lagun, jende ugari bildu da bi urtez bertan behera utzi behar izan duten ekitaldira.
Udaberria iristearekin batera betetzen dira lorez inguruak. Seguran ere horrela izan ohi da. Udaberrian sartzearekin batera ospatu izan da lore eta landareen azoka. Azken bi urteetan, ordea, pandemia dela eta, ezin izan dute ospatu. Aurten, aldiz, bai, udaberria itzuli da Segurara eta berarekin lore eta landareen azoka.
Guztira 33 postu egon dira ikusgai 10:00etatik 15:00etara; horien artean, hamabi lore eta landare ekoizleenak. Segurako plaza inguruan bildu dira azken horiek, gehienak plazaren erdian jarritako karpan. Ikusle eta erosle gehienak ere bertan ibili dira, loreak, landareak eta haziak izan dira eguneko protagonista nagusiak.
Halere, beste zenbait ekoizle ere elkartu dira Seguran, elizaren atarian. Zapatagileak, pilotagileak, gozogileak, gaztagileak, pasta ekoizleak, talogileak… Eskaintza zabala izan dute bertaratutakoek. Herriko trikitilariek eta Kriseilu txistulari taldekoek kaleak girotu dituzte. Gainera, goizean zehar, Txerto ezberdinak fruitarboletan tailerra eskaini du Josu Osak.
Hogeigarrena
202oan zen ospatzekoa XX. udaberriko lore eta landaren azoka, baina pandemia gorabehera, aurten ospatu ahal izan dute. 2001ean antolatu zuten azoka lehen aldiz, loreak eta landareak, artisau lanak eta inguruko elikagaiak aurkeztu eta saltzeaz gain, herriko ondarea eta natura ezagutu eta zaintzeko helburuarekin.
Urteurrena dela eta, Segurako elizaren alboan, edizio guztietako kartelak biltzen dituen erakusketa jarri dute. Hurrengo egunetan Ardixarra Etxean egongo da ikusgai.