Emakumeak saretzeko
Ordiziako Jabekuntza Eskola martxan da. Irekiera ekitaldia egin dute emakume guztiak espazio honetarako gerturatzeko. Apiriletik aurrerako ekintza egitaraua izango dela iragarri dute
Ordiziako Jabekuntza Eskolak emakume guztiei ateak ireki dizkie. Larunbatean ekitaldia egin zuten, eta nahi izan zuen orok, emakumeen ahalduntzerako espazio bat den hau, bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zuen.Torrea etxean dago, lehen KzGuneak zuen lokalean.
Egoitza herriko emakumeei erakusteko ekitaldian izan ziren Ainhoa Jimenez Ordiziako Gizarte gaietarako udal zinegotzia, eta Jabekuntza Eskola martxan jartzea gidatu duen Eihera elkarteko Kattalin Miner eta Laura Muelas. Hiruek lorpentzat hartu dute Jabekuntza Eskolaren egoitza irekitzea, eta hemendik aurrera emakumeen topagune izatea eta guztien artean edukiz hornitzea jarri dute helburutzat.
Jabekuntza eskola da «emakumeen ahalduntze indibidualerako eta kolektiborako espazio bat, emakumeen artean sareak sortzeko espazioa bat, elkar ikaskuntza sustatzeko espazio bat», Laura Muelasek azaldu duenez.
«Feminismora gerturatzeko aukera desberdinak sustatuko dira bertatik», osatu du Kattalin Minerrek: «Ikastaroak, hitzaldiak, tailerren bidez,… helburua da teoria eta praktika feminista biziko den espazio bat sortzea».
Prozesu luzea
Hona iristeko bidea luzea izan da. 2020 urtearen erdialdera abiatu zen Jabekuntza Eskola sortzeko prozesu bat Ordiziako Udaletik. Aurretik, espazioren inguruko lanketa egin zuten. Urte horretan, irailean, saio irekiak egin zituzten herriko emakumeekin.
2021eko martxoaren 3an, espazioaren inaugurazioa egin zuten, eta ekintza sorta bat aurkeztu zuten. Beranduago, Maider Agirre artistak, mural bat margotu zuen espazioa atontzeko.
Eta larunbateko ekitaldiarekin, zabalik geratzen da Ordiziako Jabekuntza Eskola, apiriletik ekainera bitarteko ikastaro eta tailer egitarau eta guzti. Horren inguruko informazio gehiagorako, idatzi berdintasuna@ordizia.eus.