Haginei buruzko erakusketa, igandera arte
LIFE Baccata egitasmoaren barruko ekimena da. Anduetza Parketxean dago ikusgai.
Haginei buruzko erakusketa ikusgai dago Anduetza Parketxean. Igandera arte egongo da zabalik. Haginek (Taxus baccata L.) duten balio kultural, natural eta zientifikoa ezagutzeko aukera izango dute herritarrek. Haren habitata zaintzearen garrantziaren inguruan kontzientziatzea du helburu erakusketak. Zuhaitz ez erretxinatsua da hagina, hosto iraunkor eta itxura galantekoa, bizitza-luzera handia duena eta oso motel hazten dena. Anduetza parketxeak azaldu du “dituen erabileren ondorioz, espezie horren gainean antzinatik presioa egin” dela eta, beste fenomeno batzuen artean, basoan izandako suteek habitata murriztu eta zatitu dutela. “Belarjaleen aldetik kimatzea, eta beste zuhaitz espezie batzuen aldetik argia lortzeko lehia dira dituen mehatxu nagusiak”.
Haginek ingurumen, kultura eta zientzia arloetan duten balioa handia da eta lehentasunezko intereseko habitata dira Europar Batasunarentzat. LIFE Baccata egitasmoaren barruko erakusketa da Anduetza Parketxean ikusgai dagoena, Europar Batasunak finantzatuta eta HAZIk lagunduta. Haginaren biologia, aniztasun ekologikoa, banaketa, habitata, flora, fauna eta hagin multzoak, kultura eta tradizioa, mehatxuak, kontserbazioa eta berrezarpena jorratzen ditu erakusketak.