Fleming auzoa hazi egingo da eta igogailuan heldu ahalko da
48 etxebizitza egingo dituzte. Tartean, bi, babes ofizialekoak eta bat, tasatua. EH Bildu etxebizitza ereduarekin "desados" dago; PSE-EEk eta EAJk alde bozkatu zuten
Beasaingo Udalbatzak Fleming 34 areari eta Arizmendi I Sektoreari dagozkion Arau Subsidiarioak aldatzeari oniritzia eman zion azken osoko bilkuran. Hala, auzoa hazi egingo da eta irisgarritasuna hobetuko da, ibilgailuentzat eta oinezkoentzat. Izan ere, hiru etxebizitza-bloke eraikiko dituzte eta bertara iristeko errepidea hobetuko dute eta igogailu bat eraikiko dute. Adur Ugartemendia Lurraldea saileko arduradunak esan zuen “jokaldi interesgarria” dela, ingurumen ikuspegitik egiten den ekarpena “potoloa” izango delako eta irisgarritasunaren aldetik “hobekuntza nabaria” izango delako. “Denak ateratzen dira irabazten”, azpimarratu zuen.
48 etxebizitza eraikiko dituzte, denera. Tartean, babestutako etxebizitzak izango dira: bi, babes ofizialekoak eta bat, tasatua.
Fleming auzora iristeko, egun, Erauskin kaletik irteten den errepide estu eta pikoa hartu behar da edo hamaika eskailera igo behar dira. Horregatik, Nekolalde kaletik abiatuko den igogailu bat eraikiko dute. Nafarroa etorbidearen eta Nekolalde kalearen arteko ardatz irisgarriari laugarren igogailua batuko zaio eta segida auzo are altuagoetara helduko da.
PSE-EErentzat igogailua “ezinbestekoa” da. “Uste dugu auzora hobekuntzak dakartzan aldaketa dela”, esan zuen Eva Alvarez bozeramaileak. Sozialistek alde bozkatu zuten. EH Bilduko Nerea Manzisidor bozeramaileak ere igogailuaren alde hitz egin zuen, baina auzoa hazi ezean halakorik eraikiko ez zela atsekabetu zen. Ugartemendiak ez zion ukatu. “Udalarentzako lehentasunak ezartzerako garaian garrantzitsua da halako azpiegitura bat jartzen den garaian zenbat biztanleri eragingo zaien onura kalkulatzea”. Erantzunak ez zuen oposizioa asebete. “Inbertsio bat egiterakoan eragingo dion biztanleen arabera eremu bat edo bestea lehenestearekin ez gaude ados. Beharraren arabera hartu behar dira erabakiak”, defendatu zuen Alvarezek. Leire Artola alkatea “irisgarritasun unibertsala lortzeko lan asko dugula” esanez sartu zen eztabaidara, “eta ezinbestean, lehentasunak jarri behar dira, denari ezin diogulako modu berean eta momentu berean eragin”.
Manzisidorrek beste kezka bat ere plazaratu zuen. “Etxebizitza ereduak herritarren beharrei erantzungo die?”, galdegin zuen. EH Bilduk proposamenaren aurka bozkatu zuen. Bozeramaileak azaldu zuen desadostasuna, “bereziki”, aurreikusitako etxebizitza ereduan dagoela esan zuen.