«Gustatu ala ez, trantsizio ekologikoari heltzea tokatu zaigu»
'Ekoliderrak'ek 26 gazteri jasangarritasunaren aldeko proiektuak garatzeko aukera eman dizkie. Loinaz Elortza (1995) beasaindarra gazteen eta Ekogunearen arteko zubi lanak egiten ari da.
Ekogunearen Ekoliderrak proiektuak zertan datza?
Jasangarritasunaren inguruan interesa duten eta ekintzara igarotzeko gogoa duten gazteak elkarren artean harremanetan jarri ditugu. Horrez gain, euren ideiak garatzeko tresnak ematen dizkiegu. Hiru fase ditu: Trebatu, Ekin eta Izan. Lehen biak egin ditugu jada, eta eta behin oinarrizko formakuntza pilatuta, Izan faseari ekiteko prest gaude. Hau da, proiektuak gizarterako egingo ditugu.
Nolako gazteak ari dira parte hartzen?
26 gazteko sarea da. Bakoitza esparru desberdin batetik dator: ingeniariak, arte ederrak, ekonomia… baina guztiak jasangarritasunak kezkatzen ditu. Hala, bakoitzak bere esparrutik, jasangarritasunaren inguruko proiektu bat jarri du martxan: dibulgazio zientifikoa, hizkuntzen ekologia, elikadura, ehungintza… Adibidez, badago proiektu bat, modaren inguruan, arropak jasangarritasunaren arabera kodifikatzeko.
Zergatik gazteak? Gazteei dagokie trantsizio ekologikoa gidatzea?
Ekoliderrak 20-30 urte bitarteko gazteak dira. Etorkizuna gurea da, eta gustatu ala ez, trantsizio ekologikoari heltzea tokatu zaigu. Gidaritza lan horiek egin nahi dituzten liderrei Ekoguneak tresnak eta babesa eman dizkie aldaketak eragin ahal izateko. Asmoa da aldaketa horiek gizarteratzea etorkizunean, guztioi eragiteko.
Gidari bezala, proiektu egingarriak iruditzen zaizkizu?
Proiektu errealak dira, ez dira fantasiosoak. Egingarriak eta baliagarriak diren proiektuak dira, eta gizarte ikuspegiarekin. Egia da pertsona bakar batek mundu mailako aldaketak lortzea ia ezinezkoa dela, baina gipuzkoarrak Gipuzkoan hasi behar dugu aldaketarekin.
Eta taldea nola ikusten duzu?
Oso talde polita da. Nabari zaie motibatuta ari direla lanean, buru belarri dabiltzalako.
Zergatik erabaki dute halako proiektuak martxan jartzea?
Batzuk aurretik hasita zeuden jasangarritasunaren inguruko proiektuekin. Baina tope egin zuten eta bultzada behar zutela jabetu ziren. Besteak, ideia buruan zuten baina ez zekiten nola gauzatu eta gugana etorri ziren.
Nola egiten duzue lan?
Zortzi hilabeteko lanketa da. Hasieran, Trebatu fasean, Gipuzkoako eta atzerriko aditu ezberdinekin elkartu ginen ikasteko, aholkuak jasotzeko… Lidergoa ere lantzen dugu. Trantsizio ekologikoa gidatzeko taldeak kudeatzen jakin behar da. Gero, proiektua gorpuzten dute ekin atalean eta, azkenik, gizarteratu.
Dena den, ez da unibertsitateko master bat.
Parte hartzen ari diren askok amaituta dituzte unibertsitateko ikasketak.
Ekoliderrak ez da proiektu berria, baina azken urteetan geldirik egon da. Zergatik heldu diozue berriz?
Beharra zegoela ikusi genuelako. Mundu mailan aldaketa klimatikoaren eta jasangarritasunaren inguruan dauden eztabaidak Gipuzkoara ere ekarri nahi genituen.