Lehen ilarra, txikia bezain preziatua
Udaberriko ziza gutxi batzuk ere izan dira Ordiziako Azokan, biak ala biak estimazio handiko produktuak dira. Prezioa horren lekuko.
Zain geunden eta ekarri dute lehenengo ilarra, Dorian motakoa. «Kostata, ez pentsa erraz bildu dudanik kiloa», esaten zuen Arantxa Iparragirre Montesenekoak. Ale txikia dute oraindik, leka eta guzti 15 euro kiloa, lehen horiek gutiziatxoa! Bere freskoan bihia gordina ere jan daiteke. Hauxe da proportzioan barazkirik garestiena, izan ere aletuta 200 gramora ez da iritsiko aleen pisua. Leka salda egiteko ere balia daiteke.
Udaberriko zizak ere bai atzo goierritar batek bildutako kilo eta erdi Lasaren postuan salgai 170 euroan kiloa. Oraindik inguru honetan gutxi eta gorengo prezioa horren adierazle. Lehen sortatxoa (350 gr.) otsailaren 9an ekarri zuten, harrezkero bat ere ez atzo arte. Zamora ingurutik aurtengo lehen onddoa. 60 kilo inguru Lasak 30 euroan kiloa salgai.
Bestalde, Jon Etxeberria erlezainak etortzeari utziko dio datorren udazken arte. Ekoizpenaren parterik handiena saldua du eta orain erleek eskatzen dute bere zaintza eta arreta.
Loreak
Lore eskaparate koloretsua atzo ere Ordiziako Azokan. Astez aste zabaltzen ari da, geranio pentsamendua (7 euro) eta Dragoi begonia (4 euro) berriak.
Bestalde, oso bilan baikorra egin dute lore saltzaileek igandeko Segurako lore eta landare azokaz. Ea ba berriz ere azoken mugimendua bere onera datorrenaren seinale den, beharra bada eta.
Zozomikoteak bete-betean
Zozomikoteak hiru egunez. Orendaingo Kontxi Aiestaranek aitaren aspaldiko esana bizi-bizi kontatu digu. «Negua pasatua zela eta martxoari trufaka eta harro zebilen artzaina apaltzeko, mendekuz, martxoak egun eta erdi eskatu omen zion apirilari, bere azken egun eta erdiak batu (martxoaren 30a eguerditik, apirilaren 2ko eguerdira) eta hiru egunez neguko eguraldiaren erakustaldia egiteko. Euria gogotik bota, errekak hazi eta artaldea ezin pasatuz ibili omen zen artzaina, aharia bizkarrean. Honek adarra begian sartu eta begia galdu omen zuen delako artzainak, baita harrokeria ere».
Hala moduzko eguraldia aurten ere zozomikotetan, kondaira?