Iñaki Olano, Oihana Zubillaga, Josu Urrestarazu eta Maialen Muñoz garaile Leharrei mendi lasterketan
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2022/04/img_6671.jpg)
Leharrei mendi lasterketaen bosgarren edizioa jokatu da gaur Gabirian. Aurreneko aldiz bi proba izan ditu: trail distantziako ohikoa, eta estreinako aldiz esprint motako motzagoa, 15 kilometrokoa eta 800 metro positibokoa. Goierri Kopa Trail ligarako puntuagarriak izan dira biak. Eta aurreneko aldiz, elurra egin du. Korrikalariek elur gainean korrika egitea berezia eta polita izan dela esan dute.
24 kilometroko lasterketa luzeari dagokionez, gizonezko onena Iñaki Olano altzotarra izan da. 2 ordu, 13 minutu eta 43 segundo behar izan ditu ibilbidea osatzeko. Bigarrena Mikel Zabalegi ordiziarra izan da (2:15:16) eta hirugarrena Imanol Inza zumarragarra (2:17:49). Elurrak seinaleak estali ditu eta hainbat tokitan zailtasunak izan dituzte ibilbidetik ez ateratzeko. Aritz Egea urretxuarra lehen postuan zihoan, baina ibilbidetik atera da eta zuzenean helmugara jotzea erabaki du.
Emakumeei dagokienez, lehenengoa Oihana Zubillaga anoetarra izan da (2:48:59). Bigarren postuan Ainhoa Jauregi urnietarra sailkatu da (3:07:18) eta hirugarrenean Ainhoa Egiguren irurarra (3:19:43).
Lasterketa motzean, gizonezko onena Josu Urrestarazu idiazabaldarra izan da (1:18:34). Bigarrena Mikel Usandizaga aiarra izan da (1:19:26) eta hirugarrena Jokin Tolosa anoetarra (1:21:38). Emakumezkoei dagokienez, onena Maialen Muñoz tolosarra izan da (1:32:14). Bigarren postuan Irati Larrañaga usurbildarra sailkatu da (1:35:57) eta hirugarrenean Lara Estebanez legazpiarra (1:36:01).