Jende asko elkartu da Antzizar kiroldegian Enai Pascuali animoak emateko
Beasaingo saskibaloi jokalari gazteari leuzemia atzeman diote
Enai Pascual 14 urteko saskibaloi jokalari beasaindarrari leuzemia atzeman diote eta BKLko taldekideek omenaldia egin diote Beasaingo kiroldegian, berari eta bere familiari indarra emateko eta kontzientziazio saio bat egiteko. Pascualek ez du ekitaldian parte hartzerik izan, baina Twitch bidez jarraitu du.
Agurraren ondoren, bideo bat eman dute. Bertan, senitartekoek, lagunek eta saskibaloi munduko pertsona ezagunek animoak eman dizkiote. Gipuzkoako haur minbizidunen guraso elkarteko kideek (Aspanogi) leuzemiari eta egiten duten lanari buruz hitz egin dute. Ordiziako errugbi taldeko, GBC, Iraurgi eta Baskonia saskibaloi klubetako, Gipuzkoako eta Euskadiko saskibaloi federazioetako eta Beasaingo Udaleko ordezkariek ere parte hartu dute.