Lazkao Txikiren jaiotetxean oroigarri-plaka jarri dute
Bihar (igandea) 29 urte izango dira Joxe Migel Iztueta Lazkao Txiki bertsolaria hil zela. Hura oroitzeko, ohiko egitaraua berreskuratu dute Lazkaon. Gerriko elkarteak antolatuta, hiru egunetan zabaldu dituzte ekitaldiak.
Lehena, atzo, bertso afaria izan zen, Lazkaomendiko Lartxai elkartean. Ainhoa Agirreazaldegi eta Odei Barroso bertsolariek parte hartu zuten.
Gaur, Lazkao Txiki jaio zen Abalin baserrira txangoa egin dute, bai Lazkaotik, bai Zaldibiatik. Oroigarri-plaka bat jarri dute baserrian, eta hura desestali dute. «Abaliñe baserria, nere haurtzaro oso-osoan gorde niñuzun kabia» idazpurua du.
Plaka erakusteaz gain, zaldibiarrek hiru bertso kantatu dituzte Abalinen, Daniel Belokik gitarrarekin lagunduta. Mokadutxoa jan, eta Lazkao Txikiren jaiotetxea barrutik ikusteko aukera izan da.
Igandean, Lazkao Txiki gogoan ekitaldia egingo dute, Lazkaoko Zelaian, 12:30ean; eguraldiak uzten ez badu, frontoian. Oin-Arin dantza taldeko, Lazkao Txiki Musika Eskolako eta Goierriko Bertso Eskolako gazteek girotuko dute ekitaldia.
Horra hor Gotzon Aranburuk prestatutako bideoa.