Lazkao Txiki gogoan dute bere herrian
Joxe Migel Iztueta 'Lazkao Txiki' bertsoalria hil zenetik 29 urte igaro dira gaur. hori dela eta, 'Lazkao Txiki gogoan' jaialdia ospatu dute bere herrian.

Gaur bete dira 29 urte Joxe Migel Iztueta Lazkao Txiki bertsolaria hil zenetik. Hura oroitzeko, Gerriko kultur elkarteak zenbait ekitaldi antolatu ditu asteburuan. Gaur, amaiera moduan, Lazkao Txiki gogoan jaialdia ospatu dute.
Oin-Arin dantza taldeko, Lazkao Txiki Musika Eskolako eta Goierriko Bertso Eskolako gazteek girotu dute ekitaldia. 12:30ean hasi da; hasiera batean, Lazkao Txiki zelaian zen egitekoa, baina, eguraldi nahasia zela eta, frontoian ospatu dute.
Gaurko ekitaldiarekin asteburu osoko programazioari amaiera eman diote. Ostiralean bertso afaria egin zuten Lazkaomendiko Lartxai elkartean. Ainhoa Agirreazaldegi eta Odei Barroso bertsolariak aritu ziren bertan. Atzo, berriz, Lazkao Txiki jaio zen Abalin baserrira txangoa egin zuten eta baserrian oroigarri-plaka bat jarri zuten.