Bakardadea arintzeko
Herria Bidelagun programa martxan jarri du Legorretako Udalak. Bakardade egoeran dauden herritarrak identifikatu eta esku-hartzea da helburua, sare publiko-komunitario bidez
Zaintzak garrantzia handia du Legorretako Udalarentzat. Horren erakusle da, martxan jarri berri duten Herria Bidelagun programa. Xehetasun guztiak eman dituzte Zelai Amenabarro alkateak, Itsaso Urretagoiena gizarte langileak, Ianire Ugarte Zabalduz Kooperatibako ordezkariak eta Joxe Mari Etxeberria Jubilatuen Elkarteko ordezkariak.
Herria Bidelagun programa, «Legorretan bakardade egoerak detektatu eta esku-hartze bat martxan jartzeko sare publiko-komunitarioa da», Amenabarro alkateak azaldu duenez. «Udazkenean, Legorreta 2030 Plan Estrategikoa garatu zuen udalak, herritarren parte-hartzearekin, eta bertan antzeman zen bakardadea lantzeko beharra, zaintza lerroaren barnean», gehitu du alkateak.
Programa hau aurrera eramateko, Legorretako Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiaren dirulaguntza bat lortu du, Europako Batasuneko Next Generation funtsen barruan. Hala, hitzarmen bat sinatu du Zabalduz gizarte ekimeneko kooperatibarekin. Hamasei hilabetez, kooperatibako hezitzaile den Ianire Ugartek kudeatuko du programa, udaleko gizarte zerbitzuen koordinazioarekin.
Helburuak
Proiektuaren helburuak zehaztu ditu Itsaso Urretagoienak: «Bakardade egoera hauskorrean dauden pertsonen bizi kalitatea hobetzea da proiektu honen helburua, eta, horretarako, bakardadeak Legorretako herritarren osasunean eta ongizatean duen eragin negatiboa prebenitu eta arindu nahi dira. Sare bat osatu nahi da udalaren eta herritarren artean, publikoa eta komunitarioa izango dena».
Bakardade egoeran dauden herritarrak identifikatu ondoren, «pertsona horientzako esku-hartze sozialeko akonpainamendu zerbitzu bat jarriko du martxan udalak», osatu du Ianire Ugartek.
Zerbitzu horren bidez lortu nahi dute, «isolamendu egoeran dauden herritarrek harreman sozialak lantzea, autonomia lortzea eta herri mailako eragile eta dinamiketan parte hartzea, betiere, haien beharrak, nahiak eta motibazioak erdigunean jarriz».
Herritarren parte hartzearekin garatuko dute
Herria Bidelagun programa garatzeko herritarren parte hartzeak pisu handia izango du. Modu desberdinak daude bat egiteko: Boluntario edo bidelagun gisa parte har daiteke; Bakardade egoeran daudenei egitasmoa azalduz eta parte hartzera gonbidatuz; baita inklusio prozesuan lagunduz.
Programa honen inguruko informazio gehiago zabalduko dute, datorren apirilaren 27an, 18:00etan Herri Antzokian egingo duten aurkezpenean.
Harremanetarako: herriabidelagun@legorreta.eus; gizarte@legorreta.eus; 688 764 297, 943 08 52 90 eta 688 829 013.