Ion Izagirre eta Gorka Izagirre, Itzulian
Atzo hasi zen 2022ko Euskal Herriko Itzulia. Alex Aranburu ezkiotarra Movistarren zerrendatik kanpo geratu da.
Ion Izagirrek Cofidis taldearekin eta Gorka Izagirrek Movistar taldearekin, ormaiztegiarrek 2022ko Euskal Herriko Itzuliari ekin diote. Atzo izan zen lehenengo etapa, erlojupekoa, Hondarribian. Primoz Roglic-ek egin zuen denborarik onena, 7,51 kilometroko ibilbidea 9 minutu eta 48 segundotan eginda. Ion Izagirrek zortzigarren postua lortu zuen, 20 segundora, eta Gorka Izagirrek 12. postua, 24 segundora. Bigarren etapa, gaur, Leitza eta Viana artean izango da. 207,92 kilometro egingo dituzte txirrindulariek. Larunbatera arte iraungo du Itzuliak eta Arraten amaituko da. 882,2 kilometro egingo dituzte guztira. Xabier Isasa urretxuarrak ere ekin dio Itzuliari, Euskaltel taldearekin.
Alex Aranburu ezkiotarra, aldiz, Movistarrek Itzulirako aukeratutako txirrindularien zerrendatik kanpo geratu da. Aurreko igandean ospatutako Flandes-eko Tourrean izan zen Aranburu. 20. postuan amaitu zuen lasterketa.