Koloretsu, zuri gainean
Iñaki Olano altzoarrak hirugarren aldiz irabazi du Gabiriako Leharrei mendi lasterketa, luzean, gizonetan. Oihana Zubillaga debutari onena, nesketan. Elurra eta ibilbide motza, berritasun
Lasterketa berezia eta desberdina, eta irudi ikusgarriduna, izan da Gabiriako V. Leharrei mendi karrera. Apirilaren 2rako ezohiko elurtearen azpian jokatu dira bi lasterketak, aurreneko aldiz, pandemiaren bi urteko etenetik partaidetza markarekin itzulita. Lehorrean bezala lokatzetan eta elurretan, Iñaki Olanok neurria ondoa hartua dio, eta hirugarren aldiz jarraian irabazi du trail distantzia luzea, gizonetan. Emakumeetan, Oihana Zubillaga anoetarra garaile.
Ezustekoak ere izan dira. Aritz Egea urretxuarra zihoan lasterketa buru, baina Aztiria aldean bidiegurutze batean nahastu, eta motzekotik jarraitu zuen. Otañu igo gabe eta 3 kilometro gutxiago eginda, deskalifikatuta geratu zen. Olanok aitortu zuen horregatik irabazi zuela berak: «Esan beharra dago Aritz Egea erraz zihoala aurretik, baina nahastu egin da, eta horregatik iritsi naiz lehenengo, bestela bigarren izango nintzen seguru».
Lehen hamar bat kilometroak elkarrekin egin ondoren, aldapa pikoa iritsi orduko alde egin zuen Egeak. «Beste koska batean dago», zioen Olanok. Baina elurrak —zenbait baliza estali zituen elur jasak, nahiz antolakuntza garbitzen saiatu zen—, edo lehen aldiz zegoen ibilbide motzak —zenbait paretan batera—, erabaki zuten sailkapena.
Olanok bera ere nahastu zela esan zuen. Buelta eman, eta atzetik zetorren Imanol Intzarekin bat eginda topatu zuen bide zuzena. 2018an eta 2019an ere Olanok irabazi zuen; denbora, Iñigo Altzolaren 2017kotik urrun (2:00:44) geratuta, ordea.
Sari berezia ere, garaileek
Iragarpenak beteta, elurra izan zen denen ahotan, eta hanketan. Aizaleku edo Otañu gailur gorenetan, 15-20 zentimetro pilatu zen. Zailtasunez iritsita, baina boluntarioek lortu zuten anoa postu guztiak kokatzea eta hiru orduan berorietan mantentzea.
Olanoren ondoren, Mikel Zabalegi ordiziarrak eta Intza zumarragarrak osatu zuten podiuma. Nesketan, Gabirian lehen aldiz lehiatu den Oihana Zubillaga anoetarrak irabazi du. Azkeneko aldapa gustatu zitzaion hari ere. Bi irabazleek igo dute Learregi malda hori azkarren, Olanok 5:39 minutuan, Zubillagak 8:19an; eta Ternuaren sari berezia haientzat izan da: jaka bana.
Motzean, Urrestarazu
Esprint deritzon ibilbide laburragoa izan da nobedadea, eta, hein batean, hango korrikalari kopuruak lortu du partaidetza errekorra ezartzea: luzean 100 irten ziren, motzean 70. Bertan behera oso gutxik utzi zuten, baldintzak gogorrak izan arren.
Motzeko lehen garaileak Josu Urrestarazu idiazabaldarra (1:18:34) eta Maialen Muño tolosarra (1:32:14) dira. «Karrera bezala, zoragarri: ibilbidea zuriz ederki, oso dotore jantzita egon da. Erritmoarekin ere disfrutatu dut; Mikel Usandizagarekin [bigarren sailkatua] dema oso polita eduki dut bukaerara arte, eta, egia esan, lehenengo postuarekin, ginda jarrita», aitortu du Urrestarazuk.













