Musika hizkuntza unibertsala da
Beasaingo Helduen Eskolako 30 bat ikaslek batukada taldea osatu dute, kultur aniztasun jardueren baitan. Korrikari ere egin diote keinu bat
Beasaingo Helduen Eskolako 30 bat ikaslek batukada egin zuten atzo arratsaldean, Jose Migel Iturrioz kalean. Musikak kultura eta jatorri ezberdinetako pertsonak harremanetan jar ditzakeela erakutsi zuten hala: batukadak Brasilen du jatorria, baina Kubako instrumentuak ere baditu, ikasleen artean afrikarrak, Europa ekialdekoak daude…
Instrumentuak, dena den, birziklatutako materialak ziren: danborrak tamaina ezberdinetako pintura poteak ziren, baketak trapu zaharrekin egindakoak ziren, marakak txapekin… Perkusioa edozerekin egin daitekeela frogatu zuten, baita ere norberaren gorputzarekin.
Korrikari, keinua
Korrika ere buruan izan zuten. Petoak margotu zituzten eta horiek jantzita irten ziren kalera. Euskararen aldeko lasterketa Beasaindik ostiral iluntzean igaroko denez ikasleak ez dira klasean egongo, eta Korrikari atxikimendua adierazteko baliatu zuten atzeko emanaldia.