«Politena hori izaten da, jendearen aurpegiak eta emozioa ikustea»
Korrika barru-barrutik ezagutu izan du Dioni Santoyo (Lazkao, 1967) argazkilariak. Duela 35 urte hasi zen Goierriko ibilbidearen argazkiak ateratzen, eta denetariko bizipenak ditu.
Urte asko egin dituzu Korrikako argazkiak ateratzen, baina noiz eta nolatan hasi zinen?
Aurrenekoa 1987. urtean izan zen. Korrika Goierritik pasatzen zela eta, arrebak Goierriko AEK-n lan egiten zuenez, haren bitartez hasi ginen. Orduan oso ezberdina zen dena, furgonetarik ere ez zen ibiltzen, pentsa, lekukoa joaten zen eta atzetik pankartarekin jendea, besterik ez. Orduan Gabriel lankideak eta biok, ez dakit denda ireki berritan edo artean irekitzekoak ginen, baina Diane-6 zahar bat hartu, kapota kendu eta horrela ibili ginen, hura gidatzen eta ni argazkiak ateraz. Oso berezia izan zen. Ataundik ere pasa zen urte hartan, eta Joxemiel Barandiaranen etxeraino joan ginen kotxearekin. Hogeita hamabost urte pasa dira harrezkero.
Korrikaren azken hiru hamarkadetako garapena ezagutu duzu beraz.
Bai, gero furgonetarekin hasi ziren, eta bertara igo eta han egiten nuen Goierriko ibilbidea, lekuko guztien argazkiak ateraz, gero AEK-k lekukoa eraman zuten guztiei argazki bana oparitzen zielako.
Urte horietan guztietan, denetariko egoerak ezagutuko zenituen, ezta?
Bai, aurten izango da salbuespena, baina Goierritik gehienetan goizaldeko ordu txikietan, euritan edo elurretan ere pasa izan da. Gogoan dut urte batean nola ibili ginen Otsaurten gora igo ezinda, furgonetak ere patinatu egiten zuelako. Mendiko zati horietan, herrietako ordutegiekin jokatzen dute, eta abiadura moteldu edo bizkortu egiten dute.
Eta nola bizi izan duzu zuk furgoneta barrutik?
Politena hori izaten da, jendearen aurpegiak ikustea, emozioa eta nola gozatzen duten korrika ari diren bitartean. Ibilbide osoa egiten duzunean, zati asko egoten dira mendikoak, gauez, jende gutxirekin… eta hor aritzen direnek sekulako meritua dute, bakarrik, askotan gauez eta halamoduzko eguraldiarekin korrika egiten dutelako. Baina gero Ordiziara, Lazkaora edo Beasainera iristen zarenean, jendetza ikusten duzu, musika, oihuak, eta hori petardo bat da, txute handia ematen dizu.
Korrikak emozio asko mugitzen ditu.
Dudarik gabe. Esaiozu zuk hemengo gazte bati Lazkaotik Seguraraino korrika joateko; haizea hartzera bidaliko zaitu. Baina Korrikaren egunean, emozio horrekin, musika, lagunak… asko Olaberriko gaineraino iritsi eta gero Idiazabalera edo Seguraraino jarraitzen dute. Zerbait mugitzen du bai.
Aurten beste era batera biziko duzu.
Bai, aurten ez digute aukerarik eman argazkilarioi furgonetan igotzeko, eta pena pixka bat badut. Baina herritik [Lazkaotik] pasatzen da, eta bertan behintzat aterako naiz.