Udalak eta Bareakek hitzarmena berritu dute
Udalak 14.000 euro bideratuko ditu herriko merkatari elkarteei laguntzeko
Beasaingo Udalbatzak aho batez onartu zuen udalerrian merkataritza arloan lan egiten duten elkarteei 14.000 euroko diru laguntza bideratzea. Kopuru horrekin Beasainen kontsumitzeko sentsibilizazio kanpainak, herria girotzeko ekimenak, formazio saioak… ordainduko dira. Laguntzen onuradun izateko Beasainen helbideratuta eta Eusko Jaurlaritzaren elkarteen erregistroan inskribatuta egon behar da. Bareak merkatarien elkarteak, esaterako. Leire Artola alkateak nabarmendu zuen Udala Bareak elkartearekin elkarlanean 2013. urteaz geroztik ari dela.
PSE-EEko Eva Alvarez bozeramailearentzat “positiboa” da laguntzea, eta “kontran ezer ez” dutenez, alde bozkatu zuten. EH Bilduk ere alde bozkatu zuen, “begi onez” ikusten dutelako. Halere, Nerea Manzisidor bozeramaileak Artolari galdegin zion ea zer gertatuko den Bareaken aterkipean ez dauden merkatariekin eta ostalariekin. Alkateak erantzun zion hirugarren sektoreko establezimenduek, norbanako gisa, kasuak kasuko laguntzak dituztela, TicketBai fakturazio sistemaren eta paisaia linguistikoa euskalduntzekoak, kasu.