Urola Garaiko Mankomunitateak hirugarren berdintasun plana aurkeztu du
Planaren aurkezpen ekitaldian Alarma Morea musika taldeak emanaldi bat eskaini zuen, eta Idoia Torregarai eta Mirari Martiarena aktoreek ere parte hartu zuten.
Urola Garaia Mankomunitatearen Berdintasun arloak hirugarren berdintasun plana aurkeztu zuen Urretxuko Labeaga aretoan joan den ostiralean. Diseinuan ia ehun herritarrek parte hartu dute, eta planak bost esku-hartze ardatz ditu.
Aurkezpen ekitaldia ostiral arratsaldean izan zen. Labeagan elkartu zirenek, plana ezagutzeaz gain, musikaz eta antzerkiaz gozatzeko aukera eduki zuten. Urretxuko eta Zumarragako Alarma Morea musika taldeak abesti batzuk jo zituen eta Idoia Torregarai eta Mirari Martiarena aktoreek Luze edo motz ikuskizuna eskaini zuten.
Berdintasun plan berria diseinatzeko prozesuan Goierri garaiko eragile, pertsona eta erakunde ezberdinek parte hartu dute. 90 pertsona inguruk, hain zuzen ere.
Hasteko, bigarren planaren ebaluazioa eta egungo egoeraren diagnostikoa egin ziren. Hainbat ondorio atera ziren: berdintasun politiken garapena bermatzeko tokiko eta eskualde mailako konpromiso politikoa zein teknikoa finkatzen jarraitzeko beharra, emakumeen etxearen erreferentzialtasunean lanean jarraitu beharra, Berdintasun arloak mugimendu feministarekin eta emakume elkarteekin elkarlanean jarraitzeko beharra, sentsibilizazioa lantzen jarraitzeko beharra eta emakumeen etxea indarkeria matxistaren aurkako erreminta bezala erabiltzearen garrantzia.
Ondorio horiek kontuan hartuta, plan berria osatu zen. Printzipio gidariak ondorengoak dira: paradigma feminista (feminismoak gidatzen du plana), aukera berdintasuna, intersekzionalitatea desberdintasunei heltzeko ikuspegi gisa, genero ikuspegia, emakumeen ahalduntzea, desberdintasunen murriztea eta giza garapen iraunkorra.
Planak bost esku-hartze ardatz ditu. Lehenengoa berdintasunerako gobernantza da: udalek eta mankomunitateak garatuko dute. Emakumeen ahalduntzea ere sustatuko du. Izan ere, ahalduntzea emakumeen eta gizonen berdintasunean oinarrituko den gizartea eraikitzeko ezinbestekoa da.
Gainontzeko hiru esku-hartze ardatzak zaintza lanen ekonomia feminista (zaintzarik gabe ezin gara bizi, baina zaintzak ezkutatuta eta balioz hustuta daude eta hori aldatzen hastea da ardatz honen helburuetako bat), ekonomiak eta gizarte antolakuntza eraldatzea (gizarte eredu matxista batetik berdintasunezko gizarte batera igarotzeko beharrezkoa da bestelako balio sozial batzuk indartzea eta botere eredu berriak eraikitzea) eta indarkeria matxistarik gabeko bizitzak (indarkeria matxista gizarte osoari dagokion eta errotuta dagoen arazoa da eta ardatz honen inguruan lanean jarraitzea ezinbestekoa da).