Etorkizuneko Beasain, gertuago
Gobernu Batzordeak Ixabel Olano parkea eraberritzeko eta Antzizargo taberna berrirako proiektuak onartu ditu. Porteriako eraikina eraisteko, argi berdea.
Martxoko Gobernu Batzordean 2022rako aurreikusita dauden bi proiektu gauzatzeko lanen kontratazioa erabaki zuten: Ixabel Olano parkeari dagokiona eta Antzizar kiroldegiko taberna berria. Lanak noiz hasiko diren ez dago zehaztuta, baina bi proiektuen egikaritze epea bost hilabetekoa izatea aurreikusi dute.
Ixabel Olano parkea orain baino irisgarriagoa izango da. Ikasle eta Karobi kaleetako sarreretan maldak egingo dituzte; pergola eta jolas parkea berrituko dituzte; zorua ere goitik behera aldatuko dute; eta atseden hartzeko guneak egurrarekin goxatuko dituzte. Hobekuntzok herritarrek egindako planetatik ondu dituzte.
Egungo plaza 1980. hamarkadan eraiki zuten, eta denboraren poderioz, gabeziak «agerian» gelditu dira. Hala, EH Bilduk aurrekontuetan parkea eraberritzeko partida bat proposatu zuen, eta udal gobernuak txertatu egin zuen. Obren lizitazio prezioa 760.662,86 eurokoa izango da. EH Bidu, baina bozkatzerako garaian abstenitu egin zen; PSE-EEk ere ez zuen babestu eta abstentziora jo zuten. Behin kontratazio prozesua hasita, lanak udan hastea da Beasaingo Udalaren asmoa.
Zerbitzu, osoagoa
Antzizar kiroldegiko taberna-kafetegia eraikitzeko kontratazioa ere martxan da. Kasu honetan, lizitzazioa 313.004,11 eurokoa izango da. EH Bilduk eta PSE-EEk abstentziora jo zuten hemen ere.
Taberna Antzizargo sarrera nagusiaren albo batean kokatuko da. Kaletik sarrera-irteera zuzena izango du, kiroldegira sartu beharrik gabe barrara iritsi ahal izateko. Horri esker, azpiegiturari «beste urrats bat» emateaz gain, Igartza-Loinatz auzo osoari emango diola azpimarratu du udalak.
Porteriako eraikina eraisteko azken tramiteak ere behin-betiko onartu zituzten. Izan ere, Arau Subsidiarioetako Katalogoa aldatu beharra zegoen horretarako, eta jendaurrean egon den epean gaiarekin zerikusirik zuen iruzkinik jaso ez zenez, aldaketa betirako onartu da. Eraikina behera botatzeko argi berdea dute orain udalak, Ura agentziak eta CAFek.
Oposizioak abstentziora jo zuen beste behin, eraikina herriko «ondarea» dela argudiatuta. Leire Artola alkateak erantzun zien berari ere «pena» ematen diola, baina uholdegarritasun arriskua txikitzeko «ezinbestekoa» dela argudiatu zuen.
Aranealdeko lanak azken txanpan daude
Urbietxe eraikinean kokatuko den Aranealde adinekoen egoitza berriko lanak udaberrian
amaituko dituzte, bost hilabeteren ondoren. Erabilera anitzeko gune zabalak prestatu
dituzte eraikineko beheko solairuan. 600 metro koadro ditudenera espazioak.
Eraikineko igogailuarekin izandako arazo batzuen erruz azken udalbatzan kreditu gehigarri bat onartu zuten «ezusteko» kostuari aurre egiteko.