Tolosako Ama tabernako Javi Riverok eta Gorka Ricok ebakiko dute Idiazabal gazta berria
Apirilaren 20an ospatuko dute Ordiziako Artzain Eguna. Bi urteren buruan, ohiko festa giroa berreskuratzeko egitaraua aurkeztu dute. Gazta berriaren mozte ekitaldian, Lezama ostalaritza taldeko Lehendakari Luis de Lezama omenduko dute. Erregulartasun sariak ere banatuko dituzte.
«Sorpresa handia izan zen gazta berria ebakitzeko proposamena jasotzea. Guk…zergatik?”, galdetzen dute Tolosako Ama Tabernako Javi Rivero eta Gorka Rico sukaldariek. Bertako produktua defendatzen duten sukaldari ekintzaile gazteak direlako, beste arrazoi batzuen artean. Datorren apirilaren 20an Ordizian ospatuko den Artzain Egunean, gazta berria ebakiko dute. Orain arte egin duten lanari aitortza izango da, baina baita sukaldaritzan diharduten gazte ekintzaile guztiei errekonozimendua ere. “Ohore handia da, ilusioa handia dugu eta errespetua ere bai, gazta berriaren mozketa, guretzako izan delako beti oso ekitaldi garrantzitsua», diote biek.
Maiatzean lau urte beteko dira Ama tabernako ateak ireki zituztela. Nahiago dute definizioetan ez sartzea, “ez gara tradizio edo berrikuntzaren marko barruan kokatzen, esan dezakeguna da, bertako produktuan oinarritu eta horri balio erantsi bat nola eman, hori dela gure ideia bakarra, bertan eros dezakegun hori nola egin gozagarri, alegia. Ekoizleek egiten duten lanaren erakusleiho bat gara”.
Azoka ondoan izatea «zortea da»
Gaur goizean, asteazkeneroko azokan egin dute Artzain Egunaren aurkezpena. Rico eta Rivero Tolosatik datoz, eta han ere, azoka garrantzitsua egiten dute astero-astero. «Zortea da, bertatik bertara dugu azoka, alde zaharrean baitugu taberna». Ekoizleen produktuak erostea bai, baina haien ustez, “altxor handiena da, ekoizleekin harreman zuzen-zuzena izatea, haiekin hitz egin ahal izatea eta ikastea, zeren jakintza handia dute eta dakitena ez bada transmititzen, galdu egingo da».
Tolosako bi sukaldariek, Ordiziako Artzain Eguna barru-barrutik bizitzeko aukera izango dute. Bi urte igaro dira gainera, festa hau azkenekoz ospatu zela. Ordiziako Udalak, ELE Latxa-ardiaren Gipuzkoako Elkarteak, Lurgintzak, Idiazabal Gaztaren Jatorri Izendapenak, eta Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiak elkarlanean antolatu dute egun horretako egitaraua. Goizean goiz ekingo zaio egunari, Plaza Nagusian eta inguruetan egingo den asteroko azokarekin. Horrez gain, gazta, Goierriko produktu eta Gipuzkoako artisauen saltokiak jarriko dira.
Aurten, Garagartza plazan, 9:00etan hasita, latxa arrazako 50 bat artzainen aharien erakusketa-lehiaketa eta salmenta egingo da. Bertan, 200 abelburu inguru izango dira ikusgai, zalantzarik gabe, Euskal Herriko erakusleiho garrantzitsuena gai horren inguruan, kalitate eta kopuruz Euskal Herriko bakarra. Joan den urteko etenaldiaren ondoren berriro ere txapelketa berreskuratzeko pausoa eman da. Bi motako animaliak izango dira erakusketa horretan: latxa mutur-gorriak eta latxa mutur-beltzak. Toki berean, gazta egingo dute zuzenean, beste gauza batzuen artean. Arkumea burruntzian jateko aukera ere izango da adibidez, eta bildutako dirua Aspanogirentzat, Gipuzkoako Haur Minbizidunen Gurasoen Elkartearentzat, izango da.
Trashumantzia
Artzain Eguneko une berezienetakoa, artaldeek Ordiziako kaleak zeharkatzen duten hori izan ohi da. Goizeko 11:00etan izango da hori, eta 2.000 inguru ardik igaroko dira alde zaharretik.
Jarraian egingo dute gazta mozte ekitaldia, udaletxeko areto nagusian. Aipatu bezala, Tolosako Ama Tabernako Javi Rivero eta Gorka Rico sukaldariek ebakiko dute gazta berria. Baina, aldez aurretik, Luis de Lezama, mundu osoan zehar zabalduta dagoen Lezama ostalaritza taldeko Lehendakariari omenaldia egingo zaio, Idiazabal Gaztaren difusioan egindako lanagatik.
Erregulartasun sariak
Gainera, gaztaren erregulartasun-kalitate sariak banatuko dituzte. Aurten, Segurako Eneko Goiburu artzainak eta Iurretako S.C. Gorka Jaio Tamayo- Maite Torres Martinez gaztandegiak jasoko dute.
Ekoizpen datuak
Ohikoa den moduan, gaurkoan ere eman dituzte Idiazabal Jatorri Izendapenaren inguruko hainbat datu. Gaztandegi kopuruak, iazko moduan segitzen du; 126 (Araban 21, Bizkaian 14, Gipuzkoan 59 eta Nafarroan 32).
Ekoizpen datuei dagokienez, iazkoaren azpitik kokatzen da; 1.340.937 kilo.