«Aforismoena oso genero egokia da egungo bizimoduan »
Ekaitz Goikoetxea Asurabarrenak (Beasain, 1980) 'Balio erantzia' aforismo bilduma argitaratu du. «Aforismo bat da ahalik eta hitz gutxienekin ahalik eta gehien esatea», deskribatu du.
Sorkuntza munduan denetarik egin duzu baina argitaratu duzun lehen liburua da.
Egia da azken aldian asko ari naizela sortzen, eta adierazpide ezberdinetan: bertsoak jartzen, dantzariekin GenEroa emanaldiarekin, Josu Marotorekin Balio Erantzian marrazkiari lotuta… Egia esan, idaztea gustatzen zaigunon txikitako amets bat bada, inoiz, genero batean edo bestean, libururen bat idaztea.
Bilatutakoa izan da?
Esango nuke ondorio bat izan dela. Aforismoena asko erakartzen nauen generoa da, eta idazten hasi nintzen. Parean tokatu zen Oihenart Aforismoen Lehiaketa, aurkeztu nituen hainbat aforismo bi urtetan eta bietan lehenengo saria irabazi nuen. Ikusi nuen niri gustatzen zitzaizkidan bezala beste batzuei ere gustatzen zitzaizkiela. Ondorengo urteetan ez nintzen lehiaketara aurkeztu, baina sortzen eta biltzen jarraitu dut. Mordoxka bat egindakoan Balea Zuria argitaletxeari aurkeztu nizkion.
Balea Zuriak aforismo sail bati bide emango dio. Zu izan zara lehendabizikoa.
Oso-oso eskertuta nago, azken urteetan argitaletxeek utzi egin diotelako aforismoak argitaratzeari. Euskal Herrian oso aforista onak ditugu: Juan Kruz Igarabide, Juan Carlos Linazaroso, Ana Urkiza… Nik asko miresten ditut Juan Ramon Alberdi eta Iñigo Legorburu. Iruditzen zait aforismoek badutela kabida gure gizartean. Gustatuko litzaidake liburu honek harrera ona izatea gainerako idazleek ere aukera izan dezaten.
Lehengoan poeta batek esan zigun poesia literaturako ahatetxo itsusia dela.
Iruditzen zait aforismoena gaur egungo bizimoduan oso genero egokia dela: azkar bizi gara, denbora askorik gabe, eta aforismo bat edozein momentutan irakurri dezakezu baina egun osorako edo aste osorako bete zaitzake. Azkenerako, aforismo on batek hori lortu behar du.
Poliki irakurri beharreko liburua da?
Nik nire ingurukoei gomendatzen diet egunean bat edo bi irakurtzea eta horren inguruan hausnartzea. Baina bakoitza libre da nahi bezala irakurtzeko. Ederra da jakitea egun bakarrean irentsi dutela, esan nahi duelako gustura irakurri dutela.
Edizioak laguntzen dio irakurleari gelditzen.
Edizioa asko gustatzen zait. Aforismo batetik bestera zuriune handiak daude eta horrek arnasa ematen dio bakoitzari. Pausa bat eragiten du irakurlearengan eta hausnarketa errazten du.
Idazlearentzat polita izango da irakurleari eragitea.
Poesiak eta aforismoek pentsatzea eskatzen dute. Eta pentsatzeak eskatzen duena da norbere barrura begiratzea. Eta norbere barrura begiratzeari beldurra diogu. Nahiago izaten dugu arinagotik ibili, azalagotik, eta nire gonbita bada ausartzea eta hau sartzera.
Eleder zure ilobaren aforismo batzuk ere txertatu dituzu.
Elederren jaiotza niretzako oso garrantzitsua izan zen. 22 urterekin idazteari utzi nion agortuta nengoela sentitzen nuelako. Iloba jaio zenean berreskuratu nuen idazteko grina, gutxi gorabehera. Idazteko nire ingurura asko erreparatzen dut, eta kasu honetan, ume txiki batek nola hitz egiten duen behatu nuen. Hiztegi eta egitura mugatuekin umeek sekulako gaitasuna dute nahi dutena adierazteko. Marabillak egiten dituzte. Baina zenbat eta hiztegi handiagoa eduki zuzentasunean irabaziko dute, beharbada, baina grazia eta purutasun hori galtzen joaten dira. Helduak hasten gara beraien gaitasun mutilatzen, hori ez da horrela esaten horrekin. Horrek pena ematen dit.
Edonork idatzi ditzake?
Hasiera batean bai, baina hizkuntzaren dominioa behar da. Aforismo bat da ahalik eta hitz gutxienekin ahalik eta gehien esatea. Horretarako, hitzak oso ondo aukeratu behar dira, esango dutena baino gehiago iradokitzeko. Hor hizkuntzaren sena garrantzitsua da, eta susmoa dut ez ote garen galtzen ari. Ez zuzentasuna, sena, zirtoa.
Eta zuk nori idatzi diozu?
Publiko zabalari.
Liburuak jada liburu dendetan daude?
Garraiolarien greba dela eta nahi baino geroago iritsi dira baina ari dira iristen. Goierrin Gerrikon, Mirentxun eta beste liburu dendetan dago.
Hilaren 27an herritarren aurrean aurkeztuko duzu.
Herritar batek liburu bat argitaratzen duenean hunkitu eta asko pozten naiz. Askoren ilusioa eta ametsa da. Ospatzeko eta partekatzeko zerbait da. Eta nire kasuan, eskertzekoa ere. Ni ez naizelako ni bakarrik: gurasoak, zenbait irakasle, lagunak, ibilbide guzti honetan alboan izan ditudan sortzaile lagunak… Irati arrebarekin egingo dut aurkezpena, Balea Zuriako kideak ere izango dira, zuzeneko musika eta marrazkiak egingo dira, opariak, sorpresak… Emanaldi bakarra eta errepikaezina izango da.
Ez duzu gehiago egiteko asmorik?
Ilusio handia egingo lidake irakurle taldeetan lantzea liburua eta oso gustura hurbilduko nintzateke. Esan bezala, oso genero aproposa egokia iruditzen zait: hilabetean nork bere etxean egindako hausnarketak konpartitzea, galdera berriak sortu, erantzunak elkarrekin bilatu… Oso solas interesgarriak sortzen dira esaldi bakarrarekin eta irakurle taldeetan joko handia eman dezakete.