Ordiziako Altamirako pistan hasiko da aire zabaleko denboraldia
Material sintetiko urdin berriak Gipuzkoako adingabeen banakako txapelketako lehen jardunaldia hartuko du, 16, 18 eta 20 urtez azpikoen kategorietan, master kategorian eta parte-hartze askeko probetan.
Ordiziako Altamira estadioko pista urdina izango da larunbat arratsaldean Gipuzkoan aire zabaleko atletismo denboraldia zabalduko duen agertokia. Material sintetiko urdin berriak Gipuzkoako adingabeen banakako txapelketako lehen jardunaldia hartuko du, 16, 18 eta 20 urtez azpikoen kategorietan, master kategorian eta parte-hartze askeko probetan. Lehiaketa 16:00etan hasiko da eta 20:00ak inguruan amaituko da. Hamar modalitate desberdinetako probak jokatuko dira. Antolakuntzak espero du 370 atleta ingururen parte hartzea. Horietatik 36, Txindoki Atletismo Taldekoak izango dira.