Elkar ezagutzatik, elkarbizitzara
Alfajr komunitate musulmanaren meskita berria zabalik dago Ordizian. Islam erlijioaren, kultura musulmanaren eta arabiarraren transmisiorako espazio bezala definitu dute.
Elkar ezagutzak, elkarbizitza susta dezakeela sinetsita, bide horretan urrats bat gehiago egin da Ordizian. Iragan martxoaren 26an inauguratu zuten Alfajr komunitate islamikoaren meskita berria. Altamira auzoan, Oianguren bideko 1. zenbakian hartzen du lekua. Ekitaldia, jende guztiarentzat irekia izan zen.
«Oso pozik» dago komunitateko kide den Hamid Azouzont Hadini. «Gure komunitatearentzat oso egun garrantzitsua izan zen, gure bizitzako garrantzitsuenetako bat». Meskita berriaren irekierarekin ilusioz beterik dago arrazoi askorengatik. Batetik, auzolanean eraiki duten espazio zabala dutelako orain; Gipuzkoan dauden meskiten artean handienetakoa dela esan du, «ia 300 pertsona» sartzen dira. Komunitate musulmanak «mila pertsona inguru batzen» ditu Goierrin, eta haientzat «espazio egokiak» izatea balio handia duela nabarmendu du.
Pozik egoteko beste arrazoi bat da, irekiera ekitaldian jasotako erantzuna. Espazio berriaren irekierarako festa moduko bat antolatu zuten. Atarian, jaki tipikoak dastatu ahal izan ziren. Meskitara sartzera ere gonbidatu zituzten bertaratu zirenak, musulmana izan ala ez; «gure erlijioa, ezagutzera emateko asmoarekin egiten dugu».
Egun hain garrantzitsuan, Adur Ezenarro Ordiziako alkatea ere bertaratu zen. Herriko alkateak izandako keinua «oso-oso garrantzitsua da guretzat», azpimarra egin du. Horregatik, publikoki «eskerrak» eman nahi izan dizkio. Alkateari bakarrik ez, irekierara gerturatu ziren gainontzekoei ere esker ona adierazi die: «Herriko apaizari, bizilagunei,…».
Transmisioa
Duela 35 bat urte utzi zuen Maroko jaioterria Hamidek. «Guk jasotakoa, ikasitakoa transmititu nahi diegu hurrengo belaunaldiei ere», esan du. Espazio berri hau, «dituen ezaugarriengatik otoitzerako leku aproposa izateaz gain, gure erlijioaren, baina baita gure kulturaren transmisiorako espazio izango delako» ere dago hain pozik. «Denek dute lekua hemen, gizonezkoek, emakumezkoek, musulmanek, musulman ez direnek, gure hizkuntzara gerturatu nahi dutenek,…». Pozik, «gure gazteek, gure seme-alabek, etxetik datorkiena ez ahazteko ere balioko duelako».
Izan ere, belaunaldiz belaunaldi herriak, herritarrak, kulturak, transformatzen doaz, testuinguru berriak sortzen, garatzen. Horren inguruan ere mintzatu da Hamid. «Gure gazteen pentsamoldea ez da gurea, aldatzen doa, testuinguruak ere badu eragina horretan».
Gehiengo musulmana ez dagoen herrietan jaio diren belaunaldiez ari da batik bat, etxean jasotakoaren eta espazio publikoan, eskolan, kuadrillan,… jasotakoaren artean oreka bilatzen bizi direnez. Gai horren bueltan berriketan, Hamidek adierazi du «pozik» dagoela «bere seme-alabak hemen hazi direlako; errespetuan hazi direlako. «Saiatzen gara gure hizkuntza, gure ohiturak, gure baloreak,… transmititzen, baina ez ditugu ezertara derrigortzen».
Behin eta berriz errepikatu du, meskita guztientzat dagoela irekita, uste duelako elkar ezagutzak «arrazismo egoerak» ekiditen lagunduko duela. Bide horretan, interesgarria iruditzen zaio, beste herri batzuetako eredua jarraituz, meskitaren ateak zabalik mantentzea, hitzaldiak eta solasaldiak antolatzea; «helburua da meskitaren ateak zabalik mantentzea, herritarrak gerturatu daitezen, gure erlijioa, gure ohiturak ezagutu ditzaten. Beste herri batzuetako eredua jarraitu nahi dugu». Kontatu du Tolosan ikastetxeak gonbidatzen dituztela. Alfajr meskitara ere gonbidatu nahi dituzte «ikastetxeak, elkarteak,…». Elkar ezagutza sustatzeko intentzioa erakutsi du Ordiziako Alfajr komunitate musulmaneko kideak. «Orain Ramadana ospatzen ari gara, baina hori igarota, bide horretan lan egingo dugu».
Ramadam-a
Meskita inauguratu eta egun gutxira hasi zen Ramadana, apirilaren 2an hain zuzen ere. Oso garai berezia da musulmanentzako. Ramadanak iraun bitartean baraua egingo dute eguzki orduetan eta eguzkia sartu ondoren bakarrik jan eta edan daiteke. Hilabete batez, gorputza eta burua diziplina desberdin bati jarraitzen diote: abstentzioa, pazientzia, apaltasuna, autokontrola.
Frustrazioa kudeatzen irakasten dute, «daukaguna gehiago baloratzen, oso gutxirekin bizi direnengana hurbiltzen, umilagoa izaten». Ramadanean zehar, «pertsona hobea izaten ahalegindu behar du, mundu guztiarekin errespetuz eta adeitasunez jokatu behar du, barkatu egin behar du eta gorrotoa baztertu». Eta garrantzitsuena, hori guztia «Jainkoari kontzienteki irisaraztea, otoitzaren bidez».
Azken batean, baraualdiak ziklo berri baten hasiera izan beharko luke, aldaketarako hilabetea da.
Musulmanak lurperatzeko tokia egokituko dute
Hildako musulmanak lurperatzeko tokia egokituko dute Gipuzkoako hainbat hilerritan; Donostian, Tolosan, Elgoibarren eta Ordizian. Hala jakinarazi du aste honetan prentsaurrean Bingen Zubiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak. Lursail horiek musulmanen erritua errespetatzeko bete behar diren baldintza nagusia ekialdera begira egotea da.
Gaur gaurkoz, euskal hilerrietan horrelako ehorkzketak egiteko aukerarik ez dago. Eusko Jaurlaritzako bozeraimalearen esanetan, ekimen honen helburua da horrelako ehorzketak egiteko espazio bat duten hilerri bat egotea euskal eskualde bakoitzean.