Goierriko sei herrik parte hartuko dute Herriarteko pilota txapelketan
Eskuz, Ataunekin batera, Idiazabalen eta Zaldibiaren berragerpenak dira berritasunak. Palan, Olaberria eta Ordizia elkarren aurka hasiko dira. Paleta gomaz, Zumarraga.
Gipuzkoako Pilota Federazioak herenegun aurkeztu zuen 2022ko Herriarteko Pilota Txapelketa, eta bertako lau modalitatetako lehiaketak eta kanporaketak, zozketak egin ostean. Esku huskako saila hasiko da aurrena, maiatzaren lehenean. Eskuz, 17 herrik parte hartuko dute, palan bederatzik, paleta gomaz 15ek eta zesta-puntan hiruk.
Goierriko sei herrik prestatu dituzte taldeak Herriartekorako. Eskuan daude berritasunak. Ataunez gainera, Idiazabal eta Zaldibia aterako dira, aspaldiko partez. Palan, modalitateko bi historikok mantenduko dute presentzia, Ordiziak eta Olaberriak. Final-laurdenetako kanporaketan elkarren aurka jokatzea egokitu zaie zozketan, maiatzaren 22an joanekoa Ordizian eta 29an itzulia Olaberrian.
Paleta gomaz, berriz, Zumarragak parte hartuko du. Final zortzirenak Tolosaren aurka ditu, maiatzaren 8an eta 15ean.
Zaldibia eta Idiazabal
Urte dezente zeramaten nola Idiazabalek, hala Zaldibiak, Herriartekora hurreratu gabe, nahiz eta lehiaketa zahar horretako —53 ekitaldi jokatu dira eskuz— historikoetakoak diren.
Zaldibia 2014an atera zen azkeneko aldiz. Guztira, 22 urtetan lehiatu dira zaldibiarrak eskuzko Herriartekoan. «Iazko geneukan helburua, baina arazo batzuengatik ezin izan zen. Aurtengoa begiz jota geneukan, Zaldibiako Pilota Eskola berriz hor parte hartzen ikusteko», azaldu du taldearen arduradun Alex Sukia zaldibiarrak.
Herri txikietan izan ohi den trantzea gainditu dute orain, eta adin guztietako taldeak osatzeko lain pilotari batu. «Loraldia baino gehiago, herri txikian zaila izaten da jarraikortasuna lortzea urte askoan. Mutikoek 12-13 urte dituzten arte, kopuru handiak izaten dira, baina hortik atzera zailtzen da. Gauza askok bat egin behar izaten dute, adin askotako taldeak behar direlako».
Zaldibian, infantil bat kadetetara igo beharko dute. Final zortzirenetan, herrian bertan hasiko dute lehiaketa, Oiartzunen kontra, maiatzaren 15ean.
Idiazabalek denbora gehiago zeraman aparte, 2009an atera baitzen azkena. Herriartekoan 18 parte-hartze dituzte, eta bi txapel, jokatutako bi finaletan lortuak: 1989an eta 1990ean. Aurrekanporaketan hastea egokitu zaio zoriz: Andoainen aurka, maiatzaren 1ean, Igarondon.
Ataunek 21. parte-hartzea du. 2018an txapeldunorde izan zen.