Korrika handiaren zain
Korrika Txikia egin dute hainbat herritan eta gaur ere haurrak korrika egitera aterako dira eskoletako ikasleak. Bazkalostean iritsiko da 22. Korrika Goierrira.
Korrika gaur helduko da Goierrira. Azkoititik sartuko da: GI-631 errepideko obra dela eta, bidegorritik. 15:10ean Aizpurutxora helduko da eta 15:49an Urretxuko herrigunera. Mahaiaren parean aterako da bidegorritik errepidera. Arratsaldea eta iluntzea Goierrin emango ditu. Herri gehienetatik pasako da. 21:14ean Legorretatik Tolosaldera pasako da.
Korrika beti igarotzen da Goierritik, baina aurtengoa berezia izango da. Izan ere, herri gehienetatik pasatzeaz gain, egun eta ordu paregabean igaroko du gure eskualdea: ostiral arratsaldean eta iluntzean. Hala, jendetza espero da Goierriko kale eta errepideetan.
Korrika Txikia
Korrika adin guztietako euskaltzaleentzako ekitaldia da eta, hala, haurrek ere parte hartzeko aukera izaten dute. Horretarako, Korrika Txikia antolatzen da. Atzo, Legazpi, Urretxu-Zumarraga eta Zaldibian egin zuten. Gaur, berriz, Ataun, Beasain, Idiazabal, Lazkao, Olaberria, Ordizia, Ormaiztegi, Segura eta Zegaman egingo dute.