Arkatzaren balioei gorazarre
Carles Bros artista kataluniarrak 'Zorroztu arkatza' aldi baterako erakusketa jarri du Zeraingo kultur etxean. "Arkatza ez da desagertu behar, baina egia da arkatzarekin idazteko ohitura galtzen ari dela", nabarmendu du aurkezpenean.
Arkatzaren balioei gorazarre egitea. Helburu horixe du Carles Bros (Terrasa, Bartzelona, 1956) eskultore eta pintoreak Zeraingo kultur etxean jarri duen Zorroztu arkatza aldi baterako erakusketak. Erakusketa arkatzek eta txirbildun eskulturek osatzen dute: “Giza egitatea irudikatzen dute, denok txikitan egin ditugun gauzak. Horrez gain, zuri-beltzeko lan piktoriko batzuk ere badaude, graffitiak, etorkizuna irudikatzen dituztenak”, adierazi du gaurko inaugurazio ekitaldian. Erakusketa maiatzaren 27ra arte egongo da ikusgai, eta turismo bulegoan hitzordua eskatuta bisitatu daiteke.
“Gauzak izugarrizko abiaduran desagertzen ari dira eta ez gara horretaz jabetzen”. Hausnarketa horretatik abiatuta, Brosen artegintza “desagertu diren gauzetan edo desagertzeko arriskuan dauden gauzetan” oinarritzen. “Nire proiektuak emozioetatik jaiotzen dira, nik nahi dudana da bizi dugun une historikoa grabatzea. Arkatza ez da desagertu behar, baina egia da arkatzarekin idazteko ohitura galtzen ari dela”.
Arkatzari omenaldia
Gaur egungo gizartearen gehiengoak ordenagailuan edo sakelako telefonoetan idazten du, eta arkatzaren idazteko ohiturari omen egin nahi dio bilduma honekin. “Jakina da arkatzaren beruna grafitoz egina dela. Mineral malgu horren bidez mugikor malguak egiten dira, eta plastikoa ordezka dezakeen eta grafito asko duen material kirurgikoa ere. Materiak birziklagarria da gainera”. Artista kataluniarrak honela laburbildu du bere obraren zentzua: “Nire erakusketako lan beltzek etorkizuna adierazten dute”.
Duela gutxi Lombezeko (Okzitania) Maison des Ecritures-en egon den erakusketa hau Kataluniako hainbat lekutan jarri du ikusgai: hala nola, Figueresko Emporda Museoan; Vila Casas Fundazioko Can Mario Museoan; Centre d ‘ Arte Ca l’Anita de Rosesen; Canaules de Ripollen; Bézierseko (Frantzia) Hotel Particulieren; Platja d’Aron; Sant Feliu de Guixolsen; Bartzelonan eta orain Euskal Herrian.